Espainiako Auzitegi Nazionalak 23 urteko kartzela zigorra ezarri die Oskarbi Jauregiri eta Patxi Xabier Makazaga Ander-i, Gorka Landaburu kazetari zarauztarraren kontrako atentatuagatik. Horrez gain, eragindako kalteengatik 600.000 euro ordaindu beharko dizkiote biktimari.
Auzitegiko presidente Angel Hurtadok eta Jose Ricardo de Prada eta Enrique Lopez magistratuek zigortuak ETAko Buruntza taldeko kide zirela ebatzi dute. Epaimahaiaren arabera, komandoko kideok, Ainhoa Mugika Laia-rekin batera—2002ko irailaren 22an atxilotu zuten Mugika, Juan Antonio Olarrarekin batera, ETAko aparatu militarreko kide izatea egotzita— , zarauztarra hiltzea erabaki zuten. Haren etxea eta ohiturak aztertu ostean, lehergailua prestatu, eta kazetariaren postontzian utzi zuten, 2001eko maiatzaren 11 eta 14a bitartean. Haren bizkartzainek Landabururi eman zioten kartazala, sarri jasotzen zuen argitalpen bat zelakoan, eta honek maiatzaren 15ean zabaldu zuen.
50-100 gramo dinamita
Etxeko bulegoan zegoela ireki zuen paketea. Bertan, 50-100 gramo titadym dinamita inguru zeuden. Leherketaren ondorioz esku bateko lau behatzak galdu zituen. Eztandak sabelean zein aurpegian zauriak eragin zizkion, gainera. Ondorioz, kazetari zarauztarrak 319 egunez jaso zituen mediku zaintzak, eta bost operazio kirurgiko egin zizkioten. Behin betiko ezintasuna jaso zuen, gerora.
Bestalde, leherketak 6.542 euro inguruko kalteak eragin zituen kazetariaren etxean. Era berean, leherketa gertatu zen unean bertatik igarotzen ari zen auto batean ere kalteak sortu zituen; 992 euro ingurukoak, hain zuzen.
Atentatuaz gain, bestelako erasoak ere jaso dituela salatu du zarauztarrak behin baino gehiagotan: «ETA nire kontra zegoen. Hainbatetan bota dituzte molotov koktelak eta harriak nire etxera, baita ituak edo dianak marraztu ere».