Berdelaren kontsumoa sustatzeko festa antolatu dute ostalariek Getarian

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2012ko martxoaren 1a

Getabat Getariako Ostalari Elkarteak antolatuta, berdelaren inguruan festa handia izango da ostiralean. Elkarteak, Getariako Udalaren, txakolindegien eta kofradiaren laguntzarekin, askotariko ekintzak prestatu ditu etzirako, Berdelaren usain gozotan le...

Getabat Getariako Ostalari Elkarteak antolatuta, berdelaren inguruan festa handia izango da ostiralean. Elkarteak, Getariako Udalaren, txakolindegien eta kofradiaren laguntzarekin, askotariko ekintzak prestatu ditu etzirako, Berdelaren usain gozotan lelopean.

Hala, goizean zehar ekitaldi berezia izango da Iturzaeta Herri Eskolan bertako ikasleentzat. Ildo horretatik, egun batez berdela izango da maisu gonbidatua. Ildo horretatik, ikus entzunezkoa eskaintzeaz gain, herriko bi arrantzale ohiren esperientziak eta azalpenak entzungo dituzte herriko haurrek, eta galderak egiteko aukera ere izango dute.

Bertako produktuen inguruan
Aipatu ekitaldian izango dira baita ere Getabat elkarteko kideak; parrilla eta guzti, gainera. Horretaz baliatuz, berdela prestatuko dute, «goxoki haien aurrean». Haurrentzako bazkari menuaren ardatza izango da. Horren helburua haur eta gaztetxoak bertako produktuetara gerturatzea izango da, tokian tokiko eta garaiko produktuak eta gastronomia ezagutu dezaten.

Ekitaldi horren bidez, haurrek elikagai «onak, kalitatezkoak eta justuak» kontsumitzen ikasiko dute. «Kalitatezkoak, ingurumena, biodibertsitatea eta tradizioak errespetatuz eskuratzen direlako, eta justuak, arrantzaleek euren lana eta produktuen truke prezio justuan saltzen dutelako». Horrekin batera, eskoletako jangeletan «egunerokotasun arruntean oso erabilgarriak diren bertako produktuak» aldarrikatuko dituzte antolatzaileek.

Herritarrek ere izango dute bertako produktuak dastatzeko aukera; izan ere, elkarteko tabernetan berdela eta txakolina izango dira dastagai, bi euroan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide