[caption id="attachment_43716" align="alignleft" width="212" caption="Otaño"]

[/caption]
[caption id="attachment_43717" align="alignright" width="300" caption="Larrañaga"]

[/caption]
Eusko Label Binakako Aizkora Txapelketako finalak jokatuko dituzte igande eguerdian Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan. Finaleko hiru jardunaldi izango dira Izarraitzen. Urrezkoen mailan, Angel Arrospide eta Ugaitz Mugertza Joseba Otaegi eta Unai Otañoren kontra ariko dira; Zilarrezkoen mailan, Aratz Mugertza eta Mikel Larrañaga azpeitiarra, Arkaitz Jauregi eta Jose Angel Zubiagaren aurka; eta, gaztetxoetan, Eneko Saralegi eta Julen Larreak, Eneko Otaño beizamarraren eta Joxean Etxeberriaren kontra jokatuko dute. Baina, laugarren saio bat ere jokatuko dute aizkolari gazteek. Jubeniletako gaur egungo lau aizkolari onenek Azpeitiko Saria izango dute jokoan. Hor Eneko Otaño beizamarra ere ariko da, Eloi Kortxero, Eneko Saralegi eta Iker Vicenterekin batera.
Aizkora ikuskizunerako sarrerak 20 euro kostatuko dira, eta Izarraitz pilotalekuko leihatilak 11:00ak inguruan zabalduko dituztela esan dute antolatzaileek.
Egurraren bueltan
Mikel Larrañaga (Azpeitia, 1989) orain bi edo hiru urte hasi zen aizkoran. «Gazte koadrilen arteko desafio batean hasi nintzen, eta gero segitu egin dut. Beti izan dut gustuk aizkora». Desafioak tentatzen duela dio. «Baina etxekoak ez dira batere jokuaren aldekoak».
Azpeitiko Larrañaga zerrategian egiten du lan, eta bertan entrenatzen du lana bukatutakoan. «Behin baino gehiagotan esan didate, egurra mozteko halako makinaria izan, eta aizkoran aintzinakoen antzera jarduten dudala». Aratz Errekako Inixio Zendoiak laguntzen dio aizkorarako entrenamenduetan. Zerrategian bertan egiten du lan. «Hark ere gustura jarduten du niri laguntzen», dio Larrañagak. Gero, tartean behin, Ugarteburu aizkolariarengana joaten da entrenatzera, «teknika-eta hark zuzentzen dizkit, neurri batean».
Azpeitiarrak dioenez, ez du gazte askok aizkoran jarduten. «Nafarroan batek edo bestek irteten du, baina gainontzean gazte gutxi dabil kirol honetan». Aizkoran «maila polita» erakutsiz gero, batetik eta bestetik erakustaldiak egiteko deitzen dutela dio. «Festetarako edota asteburuetarako dezente deitzen dute».
Aizkoran jarduteaz gainera, fisikoki ondo egoteko, beste hainbat kirol egiten du. Baina, azken bi astetan «lasai hantxean» dabilela dio, «nekatu samar aurkitu eta finalean neure onean egoteko azken egun hauek lasai hartzea erabaki dut». Baina Larrañagak ez du txapela galtzeko asmorik. Aratz Mugertza Mugertza III.-arekin bikotea osatuta, Arkaitz Jauregi eta Jose Anjel Zubiaga izango ditu aurkariak. «Ongi jarduten badugu, lanak emango dizkiegu kontrakoei. Baina haiek ere gogorrak dira, bat, gainera, lehen mailan ibilitakoa da», dio. Izerdi pixka bat atera beharko dutela dio.
Zaletasuna, etxetik
Igandean gazteen mailan ariko da Eneko Otaño (Beizama, 1994). Galarreta baserriko semea ere orain dela bi urte inguru hasi zen aizkoran. Zaletasuna etxetik datorkio honi. «Etxean beti egon da aizkorarako zaletasuna: aita, osaba... aizkoran ibilitakoak dira. Ni, berriz, kirola egiteko asmoarekin hasi nintzen aizkoran». Entrenatzeko eta prestatzeko laguntza ere etxean jasotzen du. «Aitak eta herriko pare bat lagunek laguntzen didate entrenatzen».
Igandeko gaztetxoen mailako finala, Otañok Joxean Etxeberriarekin bikotea osatuz jokatuko du, Eneko Saralegiren eta Julen Larrearen kontra. Irabaztea kosta egingo zaiela dio beizamarrak. «Finalak behin ere ez dira izaten errazak, beratara iristea ere beti zaila izaten delako. Iristea zaila da, eta irabaztea zailagoa».
Larrañagak bezalako aukerarik ez du Otañok aizkora erakustaldietan aritzeko: «Gazteoi gutxi deitzen digute festetan-eta erakustaldiak egiteko. Guk batik bat txapelketetako probetan hartzen dugu parte». Jubenil edo gaztetxoen mailakoa da Otaño. Egun bederatzi aizkolari inguru lehiatzen da egun maila horretan.