Itzurun enpresako langileek asanblada egingo dute bihar

Ane Olaizola 2012ko martxoaren 1a

Zumaiako Itzurun ostalaritza gunean ELA sindikatuko ordezkariek asanblada egingo dute bihar, bertako zuzendaritzaren «jokaera» salatzeko. Era berean, aurreikusitako 29 greba egunak zehaztuko dituzte orduan, eta 12:00etan manifestazioa egingo dute kaleetan zehar. Langileak 11:00etan elkartuko dira, Zumaiako kultur etxean. Azkenaldian lau langile kaleratu dituztela salatu dute beharginek, horietako hiru greba hasi ondoren. Horien arabera, zuzendaritzak pasa zen lastelehenean Eusko Jaurlaritzako Lan Sailean langile guztiak kaleratzeko LET Lan Erregulazio Txostena aurkeztu zuen, «enpresa itxi egin behar dutela argudiatuz». Horren aurrean, langileek «sindikatzea eta borrokatzea» beste aukerarik ez dutela adierazi dute. Otsailetik protestak Aurreko hilean Itzurun hoteleko zuzendaritzak %100eko Lan Erregulazio Txostena aplikatzea aurkeztu zuen, baina atzera bota zuen eskaera. Langileek, berriz, greba hasi zuten otsailaren 10ean, eta hiru asteburutan egin dituzte lanuzteak. Abuztutik hamahiru lankide kaleratu dituztela salatu dute beharginek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide