Hamarkada osoa pasatu da Erniarraitz Bertsozale Elkarteak bertsolari gazteen Erniarraitz Sariketa estreinakoz antolatu zuenetik. Harrezkero, bi urtean behin, eskualdeko bertsolaritzaren hitzordu garrantzitsuenetakoa bihurtu da. Aurtengoa seigarren txapelketa izango da, eta bihar hasita, hilaren 23a bitartean iraungo du. Saioak martxoko ostiraletan jokatuko dituzte Azkoitian, Azpeitian eta Errezilen.
Lehen kanporaketa Azpeitiko Sanagustin kulturgunean jokatuko dute, 22:00etan hasita; sarrerak 3 euro balioko du. Silvia Etxaniz gai-jartzailearen gidaritzapean, honako sei bertsolari hauek ariko dira, nor baino nor, finaleko txartela lortzeko: Axier Garate Txibilter azkoitiarra, Mikel Artola alegiarra, Ander Sorozabal gasteiztarra, Aimar Karrika auriztarra, Aitor Salegi zestoarra eta Aitor Urbieta itziarra.
Epaileak, sariketa osoan bezalaxe, Leire Ostolaza, Xabier Azpillaga, Juan Joxe Eizmendi eta Xorkun Uzkudun izango dira. Kanporaketetan bertsolari bakoitzak 13 bertso puntuagarri kantatu beharko ditu, ariketa hauetan banatuta: zortziko handian hiruna bertso, ofiziotan; zortziko txikian hiruna bertso, ofiziotan; hamarreko txikian hiruna bertso, ofiziotan; bina punturi erantzuna; eta bina bertso, kartzelako gaian.
Erniarraitz Sariketaren egutegia
Martxoak 2, ostirala. 1. kanporaketa
-Non. Azpeitian, Sanagustin kulturgunean, 22.00etan.
-Bertsolariak. Axier Garate Txibilter (Azkoitia), Mikel Artola (Alegia), Ander Sorozabal (Gasteiz), Aimar Karrika (Auritz), Aitor Salegi (Zestoa) eta Aitor Urbieta (Itziar).
-Gai-jartzailea. Silvia Etxaniz.
Martxoak 9, Ostirala. 2. kanporaketa
-Non. Errezilen, Borondegiko aretoan, 22:00etan.
-Bertsolariak. Eneritz Artetxe (Azkoitia), Eneritz Arzallus (Errezil), Josu Oiarzabal Xenpelar (Azpeitia), Irati Majuelo (Iruña), Odei Barroso (Barakaldo-Urruña) eta Peio Ormazabal (Arrigorriaga).
-Gai-jartzaile. Jokin Uranga.
Martxoak 16, ostirala. 3. kanporaketa
-Non Azkoitian, Elkargunean, 22:00etan.
-Bertsolariak. Izar Mendiguren (Laudio), Arrate Illaro (Bilbo), Nekane Zinkunegi (Errezil), Amaia Iturriotz (Urretxu), Maindi Murua (Azkain)eta Jokin Sudupe Pio (Azkoitia).
-Gai-jartzailea. Ugaitz Beristain.
Martxoak 23, ostirala. Finaleko saioa
-Non. Azpeitiko gaztetxean, 22:00etan.
-Bertsolariak. Azpeitiko saioko irabazlea, Errezilgo saioko irabazlea, Azkoitiko saioko irabazlea, eta puntuazioaren arabera, lehen, bigarren eta hirugarren sailkatuak.
-Gai-jartzailea. Gurutze Oiarzabal.
Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide