Francisco Escudero maisu handiaren alderdi kulturala, eta, batez ere, alde humanoa ezagutzera emateko asmoz, egitarau zabala antolatu du herriko hainbat eragilek, haren jaiotzaren mendeurrena ospatze aldera. Hala, 2012an zehar askotariko ekitaldiak izango dira Zarautzen. Bihar ekingo diote prestatu berri duten egitarauari, eta hasiera ezinhobea emateko, ekitaldi berezia antolatu dute. Ildo horretatik, musikariaren inguruko talde erakusketa inauguratuko dute Ispilu Arte galerian, 19:30ean.
Ispilu Arteko zuzendari Leticia Eizagirrek adierazi duenez, bertan bi ikuspegi bereiziko dituzte. Batetik, 20 artista garaikidek Escuderoren figura oinarri hartuta sortutako obrak izango dira ikusgai, eta bestetik, maisuaren «alde intimistagoa» erakutsiko dute. Horretarako, Escuderoren familiaren objektuak eta oroitzapenak bildu dituzte, haren aspektu afektiboa islatzeko. Galerian izango dira erakusgai bihartik aurrera.
Horrez gain, ostiralean musikariari buruzko dokumentala emango dute Lizardi antzokian, 19:30etik aurrera. Ondoren, mahai ingurua izango da, Angel Illarramendi eta Alberto Iglesias musikariekin, eta Jose Mari Agirre EITBko errealizadore eta dokumentalaren egilearekin.
Martxoaren 16an, berriz, musika historialarien mahai ingurua egingo dute leku eta ordu berean. Itziar Larrinaga musikologoak, omenduaren seme Francisco Maria Escuderok eta Jon Bagues Eresbil Euskal Musikaren Artxibategiko zuzendariak hartuko dute parte, eta Jose Maria Cano kazetari eta musika kritikoak gidatuko du.
Aste Santuan zehar, CD entzunaldiak eskainiko dituzte Frantziskotarren elizan. Escuderoren lan garrantzitsuenak izango dira entzungai, Sinfonia sacra, Zarauzko Udalak duela gutxi berreskuratu duen Joan Bautista oratoria eta Arantzazu poema sinfonia, hain zuzen.
Horrekin batera, bestelako ekitaldiak ere izango dira martxotik abenduaren 25a bitartean: Pikondopetik laukotearen, Donostiako Kontserbatorioko eta Musikeneko eskusoinuko ikasleen, Zarautz Abesbatzaren, Zarauzko Musika Bandaren eta Schola Kantorumen kontzertuak, askotariko erakusketak eta Gernika eta Txorimalo antzezlanak Alproja antzerki taldearen eskutik, besteak beste.
Era berean, abenduaren 30a bitartean Zarauzko Kirol Elkarteak Irrintzi ereserkia eskainiko du megafoniatik kirol jarduera guztien hasieran. Gainera, uztailaren 1etik irailaren 15era, sorosle zerbitzuaren hasi eta amaitu egiten dela adierazteko agurra eskainiko dute, atzean Escuderoren doinuekin.
Musikariaren 100 aurpegi
Zarautzen bizi zen musikari donostiarraren jaiotzaren mendeurrena aitzakiatzat hartuz, Artezaleak taldeko ikasleek, Ispilu Artekoekin elkarlanean, Escuderoren 100 aurpegiekin kartela osatu dute. Manu Muniategiandikoetxea irakaslearen gidaritzapean, maisuaren erretratuak egin dituzte, askotariko teknikak eta koloreak erabiliz.Mendeurreneko ekitaldiak gogoratzeko, aipatu kartela erakutsiko dute Villa Munda musika etxean zein herriko sarreretan, baita hainbat ekitaldiren eskenatokietan ere. Bestalde, ekainaren 8tik 17ra kartela osatzen duten irudi guztiekin erakusketa egingo dute Ebro Etxean. Ekainaren 8an izango da inaugurazioa, 19:30ean.
