Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Gaur izango da Euskara, bestela ez gara jardunaldiko azken saioa, eta herriko ikuspegia jorratuz amaituko dute hitzaldi zikloa. Eta Zumaian, bagara? izenpean, aurreko asteetan izan diren hitzaldietan plazaratutako gaiak herriko errealitatera eramango dituzte lau zumaiarrek. Belen Uranga Soziolinguistika Klusterreko teknikari eta hizkuntza aniztasunaren inguruko ikerlariak, Jon Maia bertsolari, idazle eta kultur eragileak, Josu Waliño idazle, Elhuyarreko berrikuntza eta proiektu zuzendari, eta Baleike herri aldizkariko kideak, eta Markel Peñalba bertso irakasle eta Zumaiako Gazte Asanbladako kideak hartuko dute parte mahai-inguruan. Josune Herrarte Zumaiako Udaleko teknikariak gidatuko du saioa, 19:00etan, Alondegian.
Euskara, sarean «osasuntsu»
Lau zumaiarrek euskararen erronkak eta estrategiak zehaztuko dituzte, eta ondoren herriko testuinguruan kokatuko dituzte gaiak. Hainbat ikuspegi plazaratuko dituzte adituek. Esaterako, teknologia berriek euskaran duten eragina azalduko dute. Waliñok adierazi duenez, «euskara ezin da ulertu hizkuntza historiko bezala, eta XXI. mendera egokitu behar du». Bide horretan, idazleak uste du teknologia berrietara egokitzeko euskarak ez duela premia berezirik, dagoeneko bere presentzia «normalizatua» duelako sarean. «Euskara hizkuntza handiekin ari da lehian, eta euskal hiztunen kopurua kontuan hartuta, Interneten duen kokapena oso ona dela iruditzen zait».
Izan ere, Waliñoren arabera, euskarazko softwareak edo programek eta hizkuntza teknologiek «garrantzia» dute Interneten. Hori hala izanik, euskara «osasuntsu» dago teknologia berrietan. Teknologia berriez gain, Zumaian euskara gehiago erabiltzeko gakoak, zumaiarrek euskararen garrantziaz eta erantzukizunaz duten pertzeptzioak, euskal kulturaren egoera eta aldaketa sozialak ere jorratuko dituzte gaurkoan.
Zumaiako Udaleko Euskara Sailak antolatuta, Euskal Herriko adituek euskararen egoeraz hausnartu dute hilabete osoan zehar. Fermin Etxegoienek, Joxe Manuel Odriozolak eta Jon Sarasuak ikuspuntu desberdinetatik jorratu dute euskara.