Orioko Udaleko aurrekontuak %12ko jaitsiera izango du 2012an

Ane Olaizola 2012ko otsailaren 28a

Orioko Udalbatzak 2012ko aurrekontu orokorra onartu du: 9.226.049 eurokoa izango da. Iazkoa baino %12 txikiagoa izango da. Bilduren eta Orainen aldeko botoekin onartu zituzten aurrekontuak joan den astean; EAJ alderdiak aurka bozkatu zuen. Izan ere, aurtengo aurrekontuetan inbertsioak %35 jaitsiko dituzte, eta gastuak, berriz, igo egingo dituzte. Jeltzaleek, ordea, gastuak jaistearen eta inbertsioak igotzearen alde egin dute, krisi egoeran «hori delako indartu behar dena». Beñat Solaberrieta Orioko alkateak, berriz, erantzun du «egun dauden azpiegiturak mantendu eta horiek optimizatu» egin behar direla. Honen ustez, onartu den aurrekontua «krisi garaietara moldatutakoa da»; beraz, gaur egungo baliabideak «erantzukizunez kudeatu» behar direla azpimarratu du. Iaz 4.654.480 euro bideratu zituzten Orioko azpiegituretara; aurten, 2.999.826 euro erabiliko dituzte horretarako. Inbertsioak jaitsi badituzte ere, Orioko Udal Gobernuak hainbat inbertsio «estrategiko» aurreikusi ditu 2012rako: besteak beste, udal kanpineko azpiegiturak berritu egingo dituzte, «kalitatezko kanpina» sortzeko asmoz. Hori hala, urtean zehar bungalowak jarriko dituztela aurreratu dute, eta kanpineko lanak egiteko 245.000 euro bideratuko dituzte. Energia aurrezteko plana ere jarriko dute abian: lau urtetan gauzatzea aurreikusten du udalak. Herriko argi instalazio publikoak aldatu egingo dituzte, eta «LED argi sistemaren aldeko apustua» egingo dute, «gastuak murrizteko asmoz». Faseka egingo dute sistema aldaketa eta, jakinarazi dutenez, lehenengo faseak 50.000 euroko aurrekontua izango du. Motondon, berriz, ingurune naturala berreskuratzeko lanak egingo dituzte. Udalak adierazi duenez, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailak 200.000 euroko diru-laguntza emango dio Udalari. Era berean, lorezaintza eta kale garbiketa zerbitzuak «egungo errealitatera» moldatu behar direla adierazi du Udal Gobernuak; hori hala, zerbitzu orokorretako kalitatea bermatzeko %20ko igoera onartu du Udalbatzak. Bestetik, hilerrirako egitasmoa aldatu egingo dute, «herritarren neurrira egindakoa» izateko. Orain arte zegoen proiektua bertan behera utzi du udalak, eta aurrekontua txikitu du: 1.100.000 euroko partida 410.000 eurora murriztu du. Elkarteak eta turismoa, gora Pertsonal gastuak igo egin dituzte; aurten 2.707.841 euroko partida bideratuko dute, iaz baino ia 1.300 euro gehiago. Alkateak adierazi du udaletxeko langileen soldatak %10 igo dituztela, baina politikarien ordainsariak «jaitsi» egin dituztela. Bestetik, elkarteentzako diru-laguntzak eta zerbitzuetara, turismora eta ingurumenara bideratutako partidak igo egingo dira. Era berean, Euskara eta Kultura sailek urteko diru kopurua mantendu egingo dute. Elkarteei dagokienez, kirol taldeek izango dute igoera handiena; izan ere, herriko kirol elkarteek 130.000 euro jasoko dituzte; iaz baino 35.000 euro gehiago, hain zuzen ere. Solaberrietak adierazi du udalaren «erantzukizuna» dela «herriko elkarteak baliabidez hornitzea». Turismora, berriz, 48.000 euro bideratuko dituzte, aurreko urtean baino 5.000 euro gehiago. Ingurumen sailak, berriz, 2.000 euro gehiago izango ditu; hau da, 8.700 euro jasoko ditu aurten. Alkateak jakinarazi du etxebizitza politikan «aldaketa bortitza» izango dela; besteak beste, etxebizitza hutsak alokatu ahal izateko plan berezi bat jarriko dute martxan, eta horretara 10.000 euro bideratuko dute. Bestetik, etxebizitzetan igogailuak eta Goiko Kalean kableak jartzeko diru-laguntzak onartu dituzte; 10.000 euro bideratuko dute proiektu bakoitzera. Alkatearen esanetan, «etxebizitza politika egokia» sortzeko helburua izango dute lan horiek. Hezkuntza arloan ere laguntzak igoko ditu udalak. Iaz 77.000 euro bideratu zuten horretara, eta aurten 173.040 euro izango ditu sailak; Zaragueta herri eskolan DBH linea jartzeko sei gela prestatuko dituzte, eta gastuen %40 udalak finantzatuko du. Bestetik, Orio Garatzen sozietate publikora 5.000 euro bideratuko dituzte; diru hori «sinbolikoki» onartu du Udalbatzak, erakundeak «aktibitaterik ez duelako». Horrez gain, futbol zelai azpiko garejeetan, frontoian, Kosta Tailerrean, hondartzako etxebizitza babestuetan eta kiroldegian konponketak egingo dituzte: «Aurreko legealdian egindako lanak dira, hondatzen joan direnak. Konponketa lan horiek egiteko inbertsioak egingo ditugu, halako azpiegiturek mantenu-lan jarraitua eskatzen dutelako». Hasierakotik «desbideratuta» EAJ alderdiak adierazi du onartu diren aurrekontuak hasierako txostenetik «desbideratu» egin direla. Aurrekontu horiekin, gainera, udalak urte amaieran «diru gutxiagorekin» amaituko duela uste du. Aurrekontua 2012 Inbertsioak. 2.999.826 euro. - Udal kanpina: 245.000 euro. - Motondo: 200.000 euro. - Hilerria: 410.000 euro. - Energia aurrezteko planeko lehen fasea: 50.000 euro. Pertsonal gastuak. 2.707.841 euro. Kirol elkarteentzako diru-laguntzak. 130.000 euro. Kultur elkarteentzako diru-laguntzak. 35.000 euro. Turismoa. 48.000 euro. Ingurumena. 8.700 euro. Hezkuntza. 173.000 euro. Kultura. 64.000 euro. Gazteria. 47.600 euro. Euskara. 42.561 euro.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide