Oposizioak atez atekoaren inguruan herri galdeketak egiteko eskatu du

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2012ko otsailaren 28a

Gipuzkoako hainbat udaletako Bilduko ordezkariek atez ateko bilketa sistema ezartzeko asmoa azaldu zuten joan den astean; tartean, Urola Kostako sei herrik. Asmo horrek egonezina sortu du, batez ere oposizioarengan. Zarautzen, esaterako, PP eta EAJ alderdiek atez atekoaren inguruan herri galdeketa egiteko eskatuz mozioa aurkeztuko dute biharko Osoko Bilkuran. «Zarauztarrok ez dugu atez ateko sistema ezartzerik nahi, behin baino gehiagotan agerian utzi dugu hori», esan du EAJko bozeramaile Imanol Lasak. Izan ere, aipatu sistema «eztabaidagarria» da Lasaren arabera, eta gaiaren inguruan «eztabaidatzeko prest» agertu da. Hain zuzen, atez atekoaren inguruan zarauztarrek zein iritzi duten ezagutzeko asmoz aurkeztuko dute PPk eta EAJk mozioa. «Gaiaren garrantzia ikusita, udalak herritarren esku utzi beharko luke atez atekoa ezarri behar den ala ez erabakitzea», nabarmendu du PPko zinegotzi Rafa Olaizolak. Hala, mozioaren bitartez bi alderdiek honako galdera planteatu nahi diete herritarrei : Zarautzen atez ateko bilketa sistema ezartzearen aldekoa al zara?. Era berean, galdeketa horren emaitza bere egin eta «herritarren hitza errespetatzeko konpromisoa hartzeko» eskatuko diote Udalbatzari. «Inposaketa politikoa» Zumaiako EAJk ere gaiaren inguruan eztabaidatzeko konpromisoa hartu du: «Gu prest gaude eztabaidatzeko, sistemaren alde onak eta txarrak aztertzeko». Era berean, herritarrek iritzia emateko aukera izan beharko luketela nabarmendu du. Ildo horretatik, atez atekoa ezarri aurretik, oposizioko alderdiei eta zumaiarrei zuzendutako prozesu parte-hartzailea abiatzeko eskatu dio udal gobernuari: «Bilduri parte-hartzea bultzatu nahi duela entzuten diogu behin eta berriro. Orain dute horretarako aukera paregabea; zergatik ez zaie herritarrei galdetzen zer nahi duten?». Horregatik, herri kontsulta egiteko eskatu dio; izan ere, prozesu parte-hartzailea ez bada abiatzen eta erabakia zumaiarren iritzia jakin gabe hartzen bada, «inposaketa politikoa» litzatekela nabarmendu du. Orion, berriz, Orain plataformak hauteskunde kanpainan esandakoa betetzeko eskatu dio Bilduri azken udalbatzarrean. Azken horrek atez atekoa ezarri aurretik herri galdeketa egingo zuela adierazi zuen orduan. Horren aurrean, gaia «mahai gainean jarri behar» dela nabarmendu du Beñat Solaberrieta Orioko alkateak. Bidea, herritarrekin Azpeitiko Bilduren arabera, hondakinen kudeaketaren «bidea herritarrekin» egin behar da, haiek informatuz eta ekarpenak jasoz: «Guztion artean erabakiko dugu bide eraginkorrena zein den, horretarako behar dugun denbora eta bitartekoak eskainiz herritarrei». Hala, parte-hartzea defendatu eta sustatuko du, eta udalak onartuko duen parte-hartze ordenantza medio, ez dute hartuko herritarren nahiaren aurkako erabakirik: «Hondakinen arazoa gainditzeko ez dugu bilketa sistema jakin bat inposatuko». Herriko hainbat eragile, sindikatu, alderdi zein norbanakorekin abiatuko du aipatu prozesua, «guztien artean». Bestalde, ez duela errauskailurik ezta zabortegirik ere nahi nabarmendu du: «Lapatxek sortzen dituen kalteak gainditzeko derrigorrezkoa da oinordetzan hartu dugun zabor politika zaharkitua gainditzea; irtenbide eraginkorra eta inteligentea eman behar diogu». Bide horretan, hondakinen %80 birziklatzea lortzen duen sistema ezarri behar dela dio: «Soilik horrela lortuko dugu zabortegiak eragiten dituen kalteak atzean uztea». Bilduk 2013rako jarri nahi du martxan atez ateko sistema eta, proposamenak aurrera jarraituz gero, Zestoa litzateke atez atekoa ezartzen eskualdeko lehen herria, datorren urteko otsailean, hain zuzen. Martxoan Zumaian hasiko lirateke atez atekoarekin, eta hilabete geroago Azpeitian. Maiatzean, Zarautzen ekingo liokete bilketa berriari, eta azkenik, Orio eta Getaria ekainean gehituko litzaizkieke zerrendari. ----------------------------- Atez ateko bilketa Zero Zaborraren bidean «urrats sendoa da» Gaikako bilketa sistema eraginkorra ezartzeari lehentasuna ematearekin ados» dago Azpeitia Zero Zabor taldea. Bilduk datorren urtean hainbat herritan (tartean dago Azpeitia) zaborra biltzeko atez ateko sistema jartzeko egingo duen proposamena positiboa dela diote: «Zero Zaborraren bidean urrats sendoak emateko hartutako erabakia positiboki baloratzen dugu». Sistema eraginkorra izateko prozesu parte-hartzailea aurrera eramatea «ezinbestekoa» dela diote. Beraz, herritarrei informazio «egokia» helarazteko kanpaina berehala abiatzeko eskatu diote Azpeitiko Udalari. Baina, udalari bakarrik ez, herritarrei eta eragileei ere prozesuan parte hartzeko deia egin diete, «informazioa jasoz eta egoeraz jabetuz». Udalaren, eragileen eta herritarren parte-hartzearekin etorriko da irtenbidea Zero Zaborren ustez: «Irtenbidea denon ekarpenekin bakarrik iritsiko da, iritzi desberdinak elkarbanatuz eta guztiontzako egokiak izango diren irtenbideak aurkituz». Haien ustez «aldaketa eta bilketa egoki bat egitera pasatzeko beharra ukaezinak» dira, eta «eztabaidatik kanpo» daude. Bilketa egoki bat nola egin bermatzean dago eztabaida taldearentzat. Eragileekin eta norbanakoekin elkarlanean aritzeko prestutasuna agertu du Azpeitia Zero Zaborrek. Hori dela-eta, hurrengo egunetan bilerak egingo ditu. Zarauztarrak zabortegira Zarautz Zero Zabor, Gurutxurtu eta Arkamurka taldeek antolatuta, Zarauzko Urtetako zabortegira ibilaldia egin zuten hainbat herritarrek larunbatean, zabortegiaren errealitatea ezagutzeko. Bertan, egungo egoera azaldu eta etorkizunerako aukera bideragarriak proposatu zituzten. Jakinarazi zutenez, konponbidea argi dago: «Organikoa Urtetara bideratzea ekidin behar dugu, eta hori egun batetik bestera alda daiteke. Bestalde, atez atekoa ezarriz gero, zabortegira errefusa soilik botako litzateke, eta horrek hainbat arazo ekidingo luke, kaioen etorrera eta ustelkeria, kasu».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide