
Nafarroako Atracciones Sanz eta Azpeitiko Epi Kristaldegiak babestuko dituzte Lagun Onak Txirrindulari Elkartearen kadeteetako eta jubeniletako taldeak. Berriak dira babesleak. Azpeitiko eta Azkoitiko udalak eta txirrindularien elkartea babesle bila elkarlanean aritu dira, eta lan horrek emaitza bikaina izan duenez, alde guztiak «gustura» daude. Txirrindulari elkartekoek azaldu dutenez «eskertzekoa da udalek egindako ahalegina, eta ematen diguten laguntza eta erraztasuna».
Taldeak babesteko prestutasuna azaldu dutenei eskerrak eman zizkien Txirrindulari elkarteko lehendakari Gurutz Aldalurrek: «Atracciones Sanzi eta Epi Kristaldegiari eskerrak, baita lasterketak antolatzen eta gure bi taldeak aurrera eramaten laguntzen diguten babesle txikiei ere. Bestetik, elkartearen inguruan lanean dabiltzan guztiak ere ezinbestekoak dira gure jarduna aurrera eramateko». Talde «txukunak» dituztela, eta hastera doazen denboraldian elkarteko txirrindulariek «poz bat baino gehiago» emango dieten itxaropena du Aldalurrek.
Bi herriak elkarrekin
Ibon Arrieta Azkoitiko Kirol zinegotziak eta Azpeitiko Kirol zinegotzi Manuel Unanuek ere txirrindularitzako taldeen aurkezpenean hartu dute parte. Arrietaren arabera, «bi herrien arteko harremanak elkarlanekoa izan behar du, eta horren adibide txirrindulari elkarteek elkarrekin egiten duten lana da. Noski, bi herrien arteko lehia sanoak egon egin behar du, baina bi herriek hainbat arlotan elkarrekin jardutea onuragarria da. Beraz, ea aurrerantzean kirolean bezalaxe kulturan eta beste arlo batzuetan ere bi udalok eta bi herrietako eragileak elkarlanean aritzen garen».
Azkoitiko Udaleko ordezkariak txirrindularitzaren bueltan txirrinduzaleek egindako lana ere eskertu zuen. Unanuek ere, Lagun Onak Txirrindularitza Elkartean dabiltzanak zoriondu zituen, «horrelako bi talde mantentzeagatik». Era berean, babesleei eskerrak eman zizkien Azpeitiko Kirol zinegotziak, krisi garaian txirrindularitzako taldeak laguntzeko egindako ahaleginagatik. Txirrindulari gazteei, berriz, «kirola eginez ondo pasatzeko gomendioa» egin zien Unanuek.
Lanerako jende gehiago
Denboraldi berria hasteko kadeteetako eta jubeniletako talde bana osatu du Lagun Onak Txirrindulari Elkarteak. Beñat Mendia elkarteko kirol zuzendariaren esanetan, denboraldi honetan sei zuzendari daude bi taldeak zuzentzeko eta horrek lanak banatzeko aukera ematen die, eta baita txirrindulariekin «lana hobeto» egiteko ere. Hala, txirrindulari gazteentzako asteburuetan entrenamendu batzuk antolatu dituzte. Horrez gain, aste barruan ere lan egin nahi dute gazteekin: «Denboraldi berri honetan, aste barruan ere entrenamendu batzuk programatzea da gure asmoa, era horretan gure txirrindulariak ahalik eta ondoen zaintzeko».
Lagun Onak Txirrindulari Elkarteko kadeteen taldea sei txirrindularik osatzen dute, eta jubenilena 11k. Hasi duten denboraldi honetan, kadeteek hogei bat lasterketa izango dituzte, saninazioak bitartean. Jubenilek, berriz, 40 lasterketa korrituko dituzte guztira.
Azpeitian denboraldi honetan Lagun Onak Txirrindulari Elkarteak antolatuta lau lasterketa korrituko dira: martxoaren 10ean, martxoaren 17an sanjosetakoa, maiatzaren 6an Urrakiko Igoera eta, uztailaren 28an, saninazioetakoa.
Taldeak
kadeteak
-Zuzendariak: Ion Arruti Uria, Gorka Agirre Aranguren eta Beñat Mendia Ugarte azpeitiarrak.
-Txirrindulariak: Unai Orbea Odriozola, Oier Ibarguren Etxeberria, Ekain Esnal Arrizabalaga, Mikel Alberdi Orbegozo, Asier Iparragirre Azpiazu eta Andoni Gurrutxaga Iraola. Denak azpeitiarrak.
jubenilak
-Zuzendariak. Imanol Arizmendi azkoitiarra eta Gurutz Aldalur eta Iagoba Korta azpeitiarrak.
-Txirrindulariak. Iosu Garate Soraluze, Mikel Izagirre Garate, Eneko Osa Martin, Xabier Uzin Arsuaga eta Ander Garate Azpiazu azkoitiarrak, eta Jokin Alberdi Orbegozo, Iñigo Korta Aranburu, Ander Larrañaga Irazuegi, Iñaki Martinez Zurutuza, Lander Sanjuan Goikoetxea eta Ander Uranga Sansebastian azpeitiarrak.