Gaur, otsailak 27, Saharar Errepublika aldarrikatu zuteneko urteurrena da, eta Udalak babesa eman dio Mendebaldeko Saharari. Horretarako, Orioko udaletxean Saharako bandera zintzilikatu dute 08:30ean; Beñat Solaberrieta Orioko alkateak harrera egin die herrian bizi diren sahararrei, eta ondoren, herrialde horretako egoeraz aritu dira hainbat lagun, tea hartzen zuten bitartean.
Orioko Udalak pasa zen ostegunean egin zuen ohiko bilkuran Saharako herriaren aldeko mozioa onartu zuen. Bertan, Marokoren "errepresio politiko bortitza" eta nazioartearen "isiltasuna eta konplizitatea" salatu zuen Udalbatzak, aho batez. Izan ere, Udalak ohartarazi duenez, Marokok "behin eta berriz urratzen ditu Mendebaldeko Saharako populazio autoktonoaren giza eskubideak": "herritar babesgabeen kontrako erasoak, atxiloketak, torturak, bortzaketak, desagerketak eta deportazioak... Saharar herriaren borondatearen kontra, Marokok bere autonomia-plana bultzatu nahi du eta ez ditu aintzakotzat hartzen NBEk Mendebaldeko Sahararen autodeterminazioaren eta independentziaren alde hartutako erabakiak". Udalak salatu du Mendebaldeko Saharak "benetako genozidioa" jasaten duela.
Pasa zen urtean Marokoko poliziak Gdeim Izik kanpamendua desegin zuela gogoratu du Udalbatzak, eta horrek "neurrigabeko triskantza" eragin zuela adierazi du. Bestetik, iazko urrian nazioarteko hiru kooperatzaile ziren Rosella Urra, Enric Gonyalons eta Ainhoa Fernandez de Rincon bahitu zituztela oroitu dute. Udalak gaineratu du Espainiako gobernuak Marokoren tesiak babesten dituela: "Gogoan izan behar da Espainiako gobernua dela errefuxiatu kanpamenduak izatearen arduraduna eta, badakien arren nazioarteko laguntza ezinbestekoa dela han baldintza minimotan bizitzeko, dei egin die kooperatzaileei kanpamenduetatik alde egiteko". Udalak adierazi du Espainiako gobernuak administratzen duela Mendebaldeko Sahara. Zentzu horretan, "Marokok egiten dituen giza eskubideen eta nazioarteko legeen urraketak guztiak onartzen ditu" Espainiak, Orioko Udalabatzaren iritziz.