Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Orio Arraun Elkarteak antolatuta, Oria ibaiko XVIII. jaitsiera, Babyauto Bandera, jokatu zuten atzo arratsaldean, Orion. Proban 55 talde aritu ziren lehian, eta guztietan azkarrena izan zen Hondarribia A taldea. Talde honek irabazi zuen bandera, eta bertako patroiaren, Joseba Amunarrizen, pisua sagardo kilotan ere jaso dute; 63,4 kilo, hain zuzen ere.
Hondarribitarrek 20 minutu eta 36 segungu behar izan zituzten helmugara iristeko. Hamaika segunduko aldea atera zion Hondarribiak San Juan A taldeari; bigarren postuan sailkatu zen hori, eta hirugarren taldea Urdaibai izan zen; honek 20 minutu eta 51 segungu behar izan zituen helmugara iristeko. Orio A taldea bosgarren sailkatu zen, San Pedroren atzetik.
Gizonezko seniorrek, emakumezko seniorrek, jubenil mistoek eta beteranoek jokatu zuten Oria ibaiko jaitsiera; erlojupeko modalitatean aritu dira guztiak, eta Euskal Herriko taldeak ez ezik, Andaluzia, Herrialde Katalanak, Galizia eta Kanariar Uharteetako arraunlariak ere izan ziren.
Proba eta gero, zaleek, antolatzaileek eta arraunlariek herri afaria egin zuten frontoian; 150 lagun inguru elkartu ziren bertan, antolatzaileen esanetan.