Arraun Egunean, larunbatean, kirolak, gastronomiak eta musikak bat egingo dute Orion

Karkara.eus 2012ko otsailaren 24a

Oria ibaiko jaitsieran, Babyauto 1. banderan, 55 ontzi arituko dira lehian

Orio Arraunketa Elkarteak, Oria ibaiko jaitsieraren harira, Arraun Eguna

antolatu du larunbaterako, otsailaren 25erako. Ekitaldi nagusia Oria ibaiko jaitsiera izango bada ere...

Oria ibaiko jaitsieran, Babyauto 1. banderan, 55 ontzi arituko dira lehian

Orio Arraunketa Elkarteak, Oria ibaiko jaitsieraren harira, Arraun Eguna antolatu du larunbaterako, otsailaren 25erako. Ekitaldi nagusia Oria ibaiko jaitsiera izango bada ere, bestelako jarduerak ere antolatu dituzte herritarrak arraunaren ingurura gerturatzeko: haur jolasak, ginkana, Eusko Label produktuen degustazioa,  sokatira, afaria eta karaoke eta DJ festa.

Oria ibaiko jaitsieran 55 traineru izango dira guztira: lau traineru ligetako ontziez gain Andaluziatik, Galiziatik, Herrialde Katalanetatik eta Kantabriatik etorritakoak. Babyauto Banderako lehen edizioa izango da etxe horrek babestuko baitu estropada. Babyautorekin batera Eusko Label Euskal Sagardoa Orioko traineruaren babesle izango da eta Arraun Egunaren antolaketan ere lagunduko dute.

Elkarteko presidente Ibon Huegunek aurkezpenean adierazi zuen arraunarekin zerikusia duen jende asko elkartuko dela egun horretan Orion eta ohore handia dela anfitrioi lanak egitea horrenbeste jenderentzat.

Egun horretarako honako egitaraua prestatu dute:

  • 11:00 Ume jolasak, Herriko Plazan.
  • 11:30 Eusko Label sagardoaren ginkana, Ikastola aurrean. San Pedro, Zarautz, Zumaia, Ondarroa eta Orio.
    • Ergometroan: arraunlariak.
    • Lokotxak biltzen: patroiak.
    • Arraunari buruzko tribialean: alkateak.
    • Sagardoa botatzen: taldekideak.
  • 12:00 Eusko Label produktuen dastatzea.
  • 12:30 Egunsenti otxotearen kantu-jira.
  • 16:30 Kinielan apustu egiteko aukeraren itxiera, herriko tabernetan. Euro batean apustua, zeinek bandera irabaziko. Asmatzaileen artean zozketa egingo dute.
    • Bi lagunentzako afaria Katxiña jatetxean.
    • Bi lagunentzako afaria Xixario jatetxean.
    • Bi lagunentzako afaria Bodegon Joxe Marin.
    • Bi lagunentzako afaria Sarasua erretegian.
  • 17:00: Oria ibaiko XVIII. jaitsiera, Babyauto bandera.
  • 19:00 Sari banaketa, Orioko plazan.
    • Irabazleari, Babyauto bandera.
    • Gipuzkoako trainerurik onenari, Eusko Label saria.
    • Kiniela asmatzaileen arteko zozketako irabazleei sariak.
  • 19:15 Herrien arteko sokatira desafioa.
  • 21:00 Arraunlarien eta zaleen afaria, frontoian.
  • 23:00 Karaokea, Herriko Plazan.
  • Amaitzeko, Xabi Arostegi DJaren saioa, Herriko Plazan.

 

Pintxo zirkuitua

Pintxo zirkuitua

Bestalde, Dastatu itsasoa lelopean herriko tabernetan barrena pintxo zirkuitua antolatu dute egun horretarako. Taberna bakoitzean pintxo berezi bat izango da:

  • Loretxu: Atun kroketak
  • Gabon: Atuna piper gorriekin eta maionesarekin
  • Arkaitz: Arrain brotxeta
  • Antilla: Zapoa saltsa berdean, langostinoekin
  • Bordatxo: Olagarroa ozpin-oliotan
  • Kolon Txiki: Atuna tipula eta piperrekin edo tomatetan
  • Zaharren Babeslekua: Bakailao tortilla
  • Gure Txoko: Antxoak Gure Txoko erara
  • Tragoxka: Muskuilu haserreak
  • Koasta: Jildak
  • Aterpe: Legatz frijitua tipula eta piper konfitatuarekin
  • Salatxo: Bakailao takoak pikillo saltsan
  • Baraka: Txipiroiak piperrarekin
  • Blink: Itsaski salpikoia

 

Trafikoa

Arraun Eguna dela eta, udaltzaingotik jakinarazi dute hainbat aldaketa izango dela zirkulazioan. Nagusiena izango da Herriko Plaza itxi egingo da ibilgailuentzat, otsailaren 25eko 08:00etatik otsailaren 26ko 10:00ak arte. Horrek beste aldaketa hauek ekarriko ditu:

  • Herriko Plaza oinezkoentzat izango da eta zirkulazioa Kaia kaletik desbideratuko da.
  • Kaian zirkulazioaren norabidea aldatu egingo dugu.
  • Ibilgailuak Kaitik barrena sartuko dira herrira eta debekatua izango dute bide hori erabiltzea herritik ateratzeko.
  • Herritik ateratzeko, nahitaez, Txanka-hondartzako bidea erabili beharko da.
  • Kontuan izanik herriko aparkalekuak beteta izango ditugula, Ubegun poligonoko eta Hondartzako aparkalekuak erabiltzea gomendatzen du udaltzaingoak.

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide