Sei lagun ertzain-etxera deklaratzera joan dira Sansebastianetan presoen argazkiak eramateagatik Azpeitian

Urola Kostako Hitza 2012ko otsailaren 25a

Pasa den urtarrilean ospatu zen sansebastaianetako danborradan euskal presoen argazkiak eramateagatik ertzain-etxera joan behar izan dute deklaratzera sei azpeitiarrek. Danborradan parte hartzen duten hainbat taldetako zuzendari eta danborjoleak elkartu dira gaur eguerdian udaletxean gertaera hau salatzeko. "Presoen argazkiak eramateagatik, alegia, sakabanaketa salatu eta elkartasuna adierazteagatik ertzain etxetik deklaratzera pasatu behar izan dute terrorismoari goratzarre egitea leporatu nahi dietelarik". Sakabanaketa salatzea "zilegi dela" eta "ez dela delitu" deritzote bertan bildutakoek. Horregatik, "sei herritar hauei gure babes osoa azaltzearekin batera  epaitegietako prozedurarik ireki ez dadin exijitzen dugu". Euskal Herrian bizi den egoera ere ekarri nahi izan dute gogora: "bizi dugun itxaropen aro berri honen aurrean, honelako gertakariak lekuz kanpo daudela uste dugu, eta herri honen gehiengoaren nahiaren aurka doazela". Beraz, "honelako traba guztien gainetik", euskal presoen eskubideak "bermatuak" izango diren ekimenetan "parte hartzen eta bultzatzen jarraituko" dutela jakinarazi dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide