Zarautzen Herrira egitasmoa aurkeztu dute goizean berrogeita hamar lagun inguruk, “Euskal Herriko preso eta iheslarien arazoari irtenbidea emateko asmoz”. Taldeko kideek adierazi dute mugimendua “parte-hartzailea eta anitza” izango dela: “Herritarren mugimendua da Herrira, eta beraiek izango dute hitza eta erabakia”. Hori hala, antolatzaileek “helburuekin bat egiten duen oro” ekimenean parte-hartzera gonbidatu dituzte, “guztien ideiak eta zalantzak” bildu nahi dituztelako.
Presoei ezartzen zaizkien “salbuespen neurriak” baliogabetzea aldarrikatu du Zarauzko Herrirak; hala nola, “zigorraren hiru laurdenak beteta dituztenak, eta gaixorik daudenak” kaleratzeko eta sakabanaketarekin eta bakartzeekin amaitzeko eskatu dute. Preso eta iheslariak Euskal Herriko “gatazkaren parte eta ondorio” direla adierazi du aurkeztu berri duten taldeak; beraz, presoak eta iheslariak “konponbiderako prozesuan parte-hartu” behar duela ulertzen dute. Bestetik, “presoak etxean” izan behar dutela aldarrikatu dute, “horrek ahalbidetuko baitu gatazkaren konponbidea”.
Helburu horiek lortzeko izango duten izaera ere azaldu du Herrirak; horien arabera, proiektua “eraginkorra” izango da, eta komunikazioa izango du ardatz: “Herritarrengan hurbil egoteko, komunikazioa kalean izango da”. Horrez gain, Euskal Herritik kanpo ere lan egiteko asmoa azaldu dute.
Herriko egoera kontutan hartuta, hainbat egitasmo martxan jartzeko asmoa du Herrirak; besteak beste, Joxe Mari Perez Txuri preso zarauztarraren egoera “muturrekoa” dela ohartarazi dute, eta honen “askatasuna” lortzeko lan-talde iraunkorra martxan jartzea proposatu dute. Bestetik, ekaina inguruan Elkartasun Astea antolatzeko asmoa ere azaldu dute, besteak beste.
Herrirak adierazi du “aurrekariak” dituen mugimendua dela, eta “modu naturalean” sortu dela; ETA erakunde armatuaren su-etenaz geroztik, testuinguru politikoa aldatu egin dela berretsi dute, eta geroztik, preso eta iheslarien eskubideen aldeko ekimenak “parte-hartzaileagoak” direla esan dute: “Testuinguru horretan sortu ziren Egin dezagun urratsa eta Egin dezagun bidea mugimenduak; gaur sortu dugunaren lehen zertzeladak izan ziren horiek”.
