Azaroan, Neguko etxea martxan jarri zutenean, otsaila amaieraran itxiko zutela aurreikusi zuten. Zarauzko Udalak zerbitzuaren balorazio positiboa egin, eta martxo bukaera arte zabalik mantentzea erabaki du, ordea.
Jakinarazi duenez, hori esker etxegabeek neguaren gordinean babes eremu bat izan dute, afaltzeko, arropak garbitzeko, dutxatzeko eta lo egiteko. Krisi egoera honetan «gutxien dutenak kolpatuenak» direnez, «arreta berezia» jarri du udalak horien egoera baretze aldera bitartekariak jartzen.
Hala, azaroaren erdialdetik otsaila bitartean 63 etxegabe hartu zituzten Neguko etxean; horietatik lau emakumezkoak ziren. Eguneko, bataz beste, 7-8 lagunek erabali dute Neguko etxea. Azken asteetan, hotzagatik, ordea, kopuru horrek gora egin zuen, eta 10-11 lagun izateraino.
Zarauzko Udalak Gipuzkoako Forua Aldundiarekin, Caritasekin eta Gurutze Gorriarekin elkarlanean abiatu zuen proiektua azaroaren erdialdean. Etxegabeei lotarako aterpea eta afaria ematea zuen helburu. Hamabost pertsonarentzako du lekua egoitzak. Horietatik hamar plaza egonaldi osorako dira; beste bostak, berriz, pasaran direnentzat. Horiek hiru egun egin ditzakete Zarauzko Osasun Zentroaren atzeko etxean.
Plazak eskuratzeko
Bertan ostatu hartu nahi duten pertsonek parrokiara jo beharko dute, Caritasen egoitzara, Zarauzko Udaltzaingora, Udaleko Gizarte Zerbitzuetara edota Gurutze Gorriaren bulegora. Aipatu lekuetan emango zaien eskuorria bete beharko dute eskatzaileek, eta plazarik libre geratuz gero, Neguko etxean egonaldia pasatzeko aukera izango dute. Herritarrek ere lagun dezakete; izan ere, etxegaberen bat edota laguntza behar duen norbait ikusiz gero, Udaltzaingoan jakinarazi dezakete.
21:30a arte jo ahalko du apopiloak aterpera, 21:00ek eta 22:00ak bitartean emango dute afaria eta 22:00etan igo ahalko du logelara. 23:00etan itzaltzen dituzte argiak, eta ordu horretatik aurrera, isilik egon beharko da. Gosaria, berriz, 08:00-08:45 bitartean emango dute, eta 09:00etan irten ahalko dira Negu etxetik.
