Gurutze Jubilatuen Elkarteak eta KZ guneak sare sozialen inguruko ikastaroak antolatu dituzte. Facebook, Twiter eta Skype programak erabiltzen irakatsiko dute. Deialdia zabala den arren, eta izena nahi duenak eman dezakeen arren, lehentasuna erretiratuek izango dutela jakinarazi dute. Zortzi lagunentzako prestatu dute ikastaroa, eta dagoeneko bi lagunek eman dute izena, Bixente Olaizola elkarteko lehendakariak jakinarazi duenaren arabera.
Martxoaren 19, 21 eta 23an izango da ikastaroa. Bi orduko hiru saio egingo dituzte parte hartzen dutenek. Bi talde banatuko dituzte, 16:00etatik 18:00etara, eta 18:00etatik 20:00etara izango dira.
«Urtero ateratzen dugu zerbait», dio Olaizolak, eta aurreko urteetako ikastaroek arrakasta izan zutela dio. «Gainezka izan ditugu». «Beste urteetan ere antolatu izan dira ikastaroak, baina Word, Excell edo antzeko programenak. Oso harrera ona izan dute. Aurten programa berriak direnez, ezin da jakin nolako harrera izango duten. Oraingoz bi lagunek eman dute izena, eta zortzi biltzea da gure asmoa».
Izena eman nahi duenak, astearte eta ostiraletan Gurutze
Elkartearen bulegoan egoten dira bertako kideak, 11:00etatik 12:00etara. Bestela, 650-70 87 70 telefono zenbakira deitu besterik ez duela ere jakinarazi du Olaizolak.
Sare sozialen hitzaldia
Sare sozialen inguruan bi hitzaldi ere antolatu ditu Ekain Guraso Elkarteak; gaur arratsalderako bat, eta martxoaren 2rako bestea. 18:00etan kultur etxean izango dira, eta gazteek erabiltzen dituzten sare sozialen inguruko informazioa emango dute bertan. «Aurrekariak gogora ekarri, sare sozialak zer diren jakinarazi, haien pribatutasuna aztertu, sare sozialetan zein diren lagunak eta zein ez aztertu, eta haien arriskuak eta aukerak ezagutzarazi, hori guztia egingo dugu», jakinarazi dute.