Bizi Iturri Jaia egingo dute martxoaren 11n Aian

Ane Olaizola 2012ko otsailaren 24a

Aiako Kirol Elkarteak eta herriko jatetxeek «egun berezia» antolatu dute martxoaren 11rako. Bizi iturri jaia egingo dute lehenengo aldiz, Aiako Udalaren babesarekin. Kirolak eta gastronomiak bat egingo dute festan, Aiako Mendi Lasterketa eta Babarrun Eguna egingo baitute estraineko aldiz. «Egungo egoera ekonomikoak erabaki ausartak hartzera behartzen gaitu», adierazi du Igor Iturainek, Aiako alkateak. Hori hala, «bide berriak» hartu behar direla nabarmendu du Nerea Artolak, herriko tabernarien izenean. Horren ondorioa izango da Bizi Iturri Festa. Herriko nekazarien produktuak «plazaratzeko bide berriei» ekin nahi diete, era berean. Horregatik, Aian ekoiztutako babarrun jana egingo dute jatetxeetan. Arruti, Jauregi, Kanua, Satxota, Altxerri, Errota, Izeta eta Izarra jatetxeetan egingo dituzte bazkariak. Antolatzaileek honako menua prestatuko dute: Aian ekoiztutako babarrunak sakramentu guztiekin, etxean egindako postrea, kafea eta edaria. Hori guztia 15 eurotan jango dute; haurrentzako, berriz, menu berezia prestatuko dute, eta horiek zortzi eurotan izango dute bazkaria. Bazkarira joateko martxoak 4a baino lehen eman behar da izena, 943- 13 09 24 edo 607-23 38 24 telefonoetara deituta. Jatetxe bakoitzean gehienez 30 lagunentzat lekua prestuko dute. Hala, lekurik izanez gero, egunean bertan bertaratzen direnek era gozatu ahalko dute babarrun festaz, platerean. I. Aiako Mendi Lasterketa 11:30ean hasiko da, herriko plazan, eta bertan aritzeko izena emateko epea dagoeneko zabalik da. Izena www.herrikrosa.com atarian eman daiteke, zortzi euro ordainduz. Egunean bertan eginez gero, berriz, hamabi euro ordaindu beharko dea. «Ibilbidea motza» izanik, gehienez 150 lagunek lehiatu ahalko dute proban. Igor Iturain Aiako alkateak jakinarazi du dagoeneko 30 lagun inguru inskribatu direla. Antolatzaileek nabarmendu dute festa «elkarlanaren lehen fruitua» dela, eta duela hilabete inguru egiten hasi ziren pintxo poteoaren «jarraipena» dela. Hori hala izanik, aurrera begira ere ekimen berritzaileak antolatzen jarraituko dutela aurreratu dute. Apirilean egingo dute Landare Berezien Azokan, esaterako, eta gisa horretako festa bat prestatzeko asmoa dutela jakinarazi du Iturainek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide