Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Azaroaren 5ean eta 6an izan ziren uholdeek kalte materialak eragin zituen Urola Kosta eskualdeko hainbat herritan. Besteak beste, Aia, Aizarnazabal, Errezil, eta Zestoa izan ziren udalerri kaltetuenak, eta diru-laguntza eskatu ahal izango diote Gipuzkoako Foru Aldundiari, hurrengo astetik aurrera.
Garbiñe Errekondo Gipuzkoako Foru Aldundiko Funtzio Publikoko diputatuak azaldu duenez, Diputatuen Kontseiluak uholdeen biktimentzako laguntzak arautzen dituzten bi Foru Dekretu onartuko dituzte. Hori hala, laguntzak norbanakoei eta erakunde publikoei bideratuko dizkiete. Batetik, nekazaritza arloko laguntzak onartuko dituzte; nekazariek baratzeetan, tresnetan eta bestelako azpiegituretan eragindako kalteak konpontzeko 200.000 euro bideratuko ditu
Aldundiak.
Bestetik, kalte publikoak zehaztuko dituzte, eta herri bideetan, ur azpiegituretan, eraikinetan eta hiri ekipamenduetan izandako kalteei aurre egiteko milioi eta erdi euro jarriko ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak.
Ondasun publikoak kaltetuta
Errezil da kalte material gehien izan zituen udalerrietako bat; 126.000 euroko kalteak zenbatu ditu Errezilgo Udalak, Santa Marina, Granada Erreka eta Erkizia inguruetan luiziak izan baitziren. Maria Jesus Salsamendi alkateak zera adierazi du: «Diru-laguntza horiek gabe ezin izango litzateke herrian inbertsiorik egin, eta gastu arruntak nekez estaliko genituzke». Alkateak adierazi du udalaren egoera «txarra» dela, «are gehiago halako kopuru bati aurre egiteko». Horregatik, diru-laguntza horiek «premiazkotzat» jo ditu alkateak.
Igor Iturain Aiako alkateak ere adierazi du «berri ona» dela Aldundiak diru-laguntzen epea zabaltzea. Baina «berandu xamar» onartu dituzten kexa du, uholdeak duela ia lau hilabete izan baitziren. Aiako Udalak «itxaropenez» hartu du Aldundiaren albistea, eta herriko kalteak konpontzeko bideratuko duten zenbatekoa «baloratu» egin beharko dutela gaineratu du Iturainek. Aian ere kalte handiak eragin zituen uholdeek; Altzolan, Andatza eta Etxetaballa inguruetako bideak hondatu egin ziren, eta Andatza Erreka auzoa urak hartu zuen. Euriteek 60.000 euroko kalteak eragin zitutela zenbatu zuen udalak orduan.
Aizarnazabalen ere «kalte handiak» eragin zituzten azaroko euriteek. Aldundiak diruz lagunduko dituela jakiteak «esperantza» sortu du, Alvaro Villar alkateak adierazi duenez. «Guretzat izugarrizko laguntza izango da diru hori. Diru-laguntzarik izan ezean, urteko aurrekontuan eragin handia izango luke gertaerak, eta hainbat proiektu alde batera utzi beharko genuke». Azaroko euriteetan Sarasolarako baserri bideetan luiziak izan ziren, eta Etxabe auzoko baratzeak eta seinaleak ere hondatu egin ziren. Horiek 80.000 euro inguruko kalteak eragin zituela adierazi du Villarrek. Baina, horiez gain, hilerrira doan bidea eta mendixka erori egin ziren, eta «kalteak handiagoak» izan dira ondorioz. Udalak hondamenak dagoeneko konpondu baditu ere, «diruaren zain dira orain herritarrak».
Zestoan, bestalde, bide gehienak erabiltzeko moduan badaude ere, beste batzuk konpondu gabe daude, Izaskun Larrañaga Zestoako Udaleko ingurugiro teknikariak adierazi duenez. «Lehentasuna zuten kalteak konponduta daude, baina lehenera itzultzeko diru-laguntzen zain geunden». Hori hala izanik, «gustura» jaso dute berria. Izan ere, Zestoan luizi «dezente» eragin zituzten euriteek, eta Lasao erreka inguruan, esaterako, bi zubi hondatu egin ziren. Horrez gain, baserri bideetako errepideak pitzatu ere egin ziren.
Bilerak, laguntzak zehazteko
Aldundiak hurrengo astean onartuko ditu diru-laguntzak bideratzeko dekretuak. Hurrengo egunean, berriz, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratuko dituzte, eta orduan hasi ahalko dute udalak eskaerak egiten, hilabeteko epearen barruan. Era berean, diputazioa kaltetutako herrietako ordezkariekin bilduko da datozen egunetan. EHNE Euskal Herriko Nekazarien Elkartasuna eta ENBA nekazari sindikatuei ere emango die diru-laguntzen berri.
Diru-laguntzak zehaztuta, kaltetuei laguntzeko hartu zuen «konpromisoa» bete duela adierazi du diputazioak, eta Eusko Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren laguntza ere eskatu du, bide beretik. «Orain, Eusko Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren txanda da. Uholdeek oso kalte larriak eragin zituzten Gipuzkoan, eta denok egin behar dugu ahalegina», esan du Errekondok. Azken hilabeteetan bi erakundeekin harremanetan izan direla jakinarazi du diputatuak. Orain, bi erakundeen erabakiaren zain daude.