Alex Garai: «Argazki-filmen garaiko espiritua dute Azpeitiko argazki rallyek»

Urola Kostako Hitza 2012ko otsailaren 24a

Bihar banatuko dituzte Azpeitiko III. Gau Txori Argazki Rallyko sariak, 18:30ean, Lagun Onak Mendi Bazkunaren egoitzan. Otsailaren 4an izan zen rallya, Azpeitiko Argazki Elkarteak antolatuta, eta 23 argazkilarik hartu zuen parte. Biharko sari banaketa ekitaldian lehiaketara aurkeztutako irudi guztiak ikusteko aukera egongo da. Gau Txori Rallya Alex Garai barakaldoarrak irabazi du. Aurten bigarren aldiz hartu du parte Azpeitiko gaueko argazki rallyan. «Gustatu egiten zait argazki rallyek duten espiritua; argazki-filemn garaiko espiritua dute. Irudi kopuru jakin bat soilik atera ahal izatea eta halakoa arauak garai batekoak bezalakoak dira», dio. Azpeitiko Argazki Elkarteak antolatzen dituen beste argazki rallyak ez ditu ezagutzen, baina badu horretarako gogoa. Egun hotza izan zen Gau Txori rallya egin zutenekoa. «Hotz handia egiten zuen, eta izotza zegoen iragarrita. Beraz, ahal bezain pronto etxera itzuli ginen». Barakaldoarraren ustez, eguraldiak eragina izan zuen partaidetzan. Bost jarri zizkieten irudikatzeko: Publizitatea; Hotzari aurre eginez; Arkitektura; Farolak piztuta; eta, Harriztatutako zorua. Gaiak errazak zirela dio Garaik. «Asko ibili gabe, alde zaharrean bertan lan zitezkeen. Herria ezagutzen ez dugunok ere erraz lantzeko moduko gaiak ziren». Toki askotako partaideak Barakaldotik heldu zen gaueko argazki rallyra, eta bihar ere saria jasotzera etorriko dela dio. Jatorri askotako argazkilariek hartu zuten parte rallyan: Tafalla, Durango, Eibar, Soraluze, Urretxu, Zumaia, Iraeta, Azkoitia eta Azpeitikoak. Azpeitiko Argazki Elkartekoak ere rally egunean izan zuten giroarekin gustura daude. «Nahiz eta eguraldia argazkiak ateratzeko aproposa ez izan, jendeak gozatu egin zuen, eta Lau Biden egindako afarian lagunarteko giro ederra sortu zen». Rallyko epaimahaia Juan Mari Amenabarrek, Valen Garciak eta Mikel Zengotitak osatu dute. Gau Txori Rallya 1. saria. 150 euro eta garaikurra, Alex Garaik jasoko du 101 puntu lortuta. 2. saria. 100 euro eta garaikurra, Carlos de Cosek jasoko du, 98 puntu eskuratuta. 3. saria. 70 euro eta garaikurra, Carlos Mediavillak, 96 puntu. Herriko lehena. Garaikurra, Alaitz Ruiz 94 puntu lortuta.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide