Benito Lertxundik aukeratu du Oroimenaren oraina izeneko hurrengo diskoko azalerako argazkia. Jaizubiako Paduretan, egunsentian, laino trinkoa zela atera zuen argazkia Mireia Berenguer Hondarribian bizi den kataluniarrak azken belaunaldiko, bereizmen handiko, sakelako telefonoarekin eta honen lagun batek eitb.com-era bidali zuen argazki hori.
ETBko eguraldia tartean eman zuten argazkia eta Elkar disko etxetik jakinarazi dutenez, Benito Lertxundik, argazkia telebistan ikusi zuenean, ez zuen zalantzarik izan. Huraxe zen bere lan berriaren mamia hoberen marrazten zuen irudia: misterio eutsia, edertasun goiztiarra, bakardade gozoa eta basatia.
Oroimenaren oraina diskoa maiatzaren erdialdean argitaratuko da eta zabalkunderako hainbat kontzertu garrantzitsu izango dira, besteak beste, maiatzaren 5ean Bilboko Euskalduna Jauregian; maiatzaren 19an Donostiako Kursaal Auditorioan; eta ekainaren 9an Iruñean, Baluarten.