Orioko Udaleko Euskara batzordeak idazkera lantzeko ikastaroa antolatu du. Martxoan hasi eta ekainera arte iraungo du ikastaroak eta 15 saiotan banatuko da. Saio bakoitzak 3 ordu izango ditu eta astelehen edo asteartetan izango dira, 17:00etatik 20:00etara.
Irakaslea Iñaki Iturain izango da eta hauek izango dira helburuak: idazten ikasiz, euskara eguneratu eta sakontzea; Euskaltzaindiak emandako azken arauen berri jasotzea eta informazioa modu zuzen eta koherentean adierazteko oinarrizko kontzeptuak ikastea.
Ikastaroa euskara maila ona izanda, ofizioz nahiz afizioz, idazteko premia edo gogoa duen edozeinentzat dago zuzenduta: herriko taldeetan dabiltzanak, ikasketak euskaraz egiten dituzten ikasleak, irakasleak, kazetariak, administrazioko langileak…
Matrikularen prezioa 90 eurokoa da eta otsailaren 27a izango da izena emateko azken eguna. Horretarako, udaletxeko Euskara zerbitzura jo behar da edo 943 830 346 telefonora deitu eta 8. luzapena hautatu.