Martxoaren 18an, igandez, jokatuko dute Zestoako XXXIV. Herri Krosa. Aurten Joxe Orbegozo zena omenduko dute. Iaz hil zen. Zestoako Atletismo Taldean lan asko egin zuen. «Orbegozok Zestoan atletismoaren alde egin zuen lana gogoratu nahi dugu, eta nolabait eskertu egin nahi diogu korrikalari zestoar gazteengan utzi zuen hazia».
Eskolaurrekoetatik eteranoen mailara artekoentzako lasterketak antolatzen ditu Zestoako Atletismo Taldeak.
Gaztetxoen lasterketek Gurutze azpitik izango dute irteera, eta goiztiarrenak benjamin mailako lasterkariak izango dira; 10:00etan abiatuko dira. 600 metro egingo dituzte korrika. Segidan, hurrenez hurren, alebinak, infantilak, eskolaurrekoak eta 2004-2005 urteetan jaiotako neska-mutilak lehiatuko dira.
Helduen mailako lasterketa nagusiaren irteera, berriz, 11:30ean izango da, Portale kaletik. Kasu honetan, kadeteek (14 urtekoek) 2.650 metro egin beharko dituzte, jubenilek eta juniorrek 5.607 metro, emakume senior eta beteranoek 5.607 metro, eta gizonezko senior eta beteranoek 8.567.
Atletismo taldekoek azaldu dutenez, parte-hartzaileek lasterketa bukaeran dutxa hartzeko aukera izango dute, eta denentzako hamaiketakoa ere prestatuko dute. Horrez gain, hainbat sari eta opari banatuko dute herri kroseko parte-hartzaileen artean.
Izen-ematea zabalik
Dagoeneko zabalik dago Zestoako Herri Krosean izena emateko aukera. Internetez eman nahi dutenek www.herrikrossa.com webgunean eman behar dute, martxoaren 16a bitartean. Bestela, Zestoako kiroldegian ere inskriba daitezke.
Kadeteetatik beteranoak bitarteko parte-hartzaileek izena ematea 5 euro ordaindu beharko dute. Egunean bertan izena emateko aukera egongo da, baina orduan 10 euro ordaindu behar da.