Amaitu da bost eguneko jaia

Nerea Uranga 2012ko otsailaren 22a

Suzko zezenarekin bukatu ziren atzo iluntzean aurtengo Azpeitiko inauteriak. Ostiralean hasi, eta atzora bitartean festa giro bikaina izan da nagusi Azpeitian. Ohi bezala, mozorroak eta sokamuturra izan dira inauterietako protagonistak. Udaleko festa arduradunak gustura daude aurten inauteriek izandako emaitzarekin, eta jendearen parte hartzearekin. «Herritar askok hartu du parte festan; gainera, ikusi besterik ez dago urtetik urtera mozorroak prestatzeko herritarrek hartzen dituzten lanak. Mozorro landuak ikusi ziren astelehen eguerdian eta gauean», dio Mikel Ibarzabal festa zinegotziak. Baina «nahigabe bat» ere badu Ibarzabalek festen bukaeran: «Asteleheneko haurren desfilean gozokiak amaitu egin ziren, eta haur batzuk gozokirik gabe gelditzeak nahigabea eragin dit». Azpeitiko Udalak 1.700 haurrentzako gozoki sortak zituen prestatuak, eta denak banatu ostean, ume batzuk gabe gelditu ziren. Guraso batzuen jarrerarekin kexu da zinegotzia: «Zenbaitek haurrak gozoki sorta bat baino gehiago hartzera bultzatu zituen; geure begiekin ikusi genuen. Eta ez dakigu datozen urteetan zer egingo dugun, baina hausnartu egin beharko dugu». Gainontzean, ekitaldiak ongi atera direla azaldu dute udal ordezkariek. Atzo, inauterieako azken egunean, haurrentzako parkea eta jolasak, eta Arno ganadutegiko zezenak izan ziren. -------------------------------- Helduen mozorro lehiaketako saridunak Taberna Giro onena. Sanagustin kulturguneak jaso zuen saria: bi afari Larrañaga jatetxean. Banakoak 1. saria. 200 euro. Ipotxak. 2. saria. 150 euroko saria, dalmatak. 3. saria. Bi afari Ametsa tabernan. Hortzetako pasta Binaka. Taldeak 1. saria. 800 euro. Dultzaineroak eta erraldoiak. 2. saria. 700 euro. Bikingoak. 3. saria. 500 euroko saria. Victoria Secret. 4. saria. Sanagustinen afaria Pottokiak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide