Ttinttori elkartasuna, eta hainbat eskaera

Urola Kostako Hitza 2012ko otsailaren 22a

Eskutitza. Gaur goizaldera bi lagun atxilotu ditu Guardia Zibilak. Tartean gure lankidea den Inaxio Otaño, Ttintto. Berria Taldeko langileok berri kezkagarri honen aurrean ondorengoa adierazi nahi dugu: Euskal prentsako langileoi ez zaizkigu ezezagunak egiten gisa honetako berri mikatzak. Ezagunak zaizkigu salaketa larriak egotzita egindako lankideen atxiloketak. Gerora, salaketa horien faltsutasuna epaileek aitortu izanak, ez du inolaz ere egindako kaltea konpondu. Oraingoan ere horrela izango den ziurtasun osoa daukagu. Atxilotuei inkomunikazioa ezarri diete. Legezko zulo ilun horretan, Ttinttok eta Iñakik pairatu dezaketen tratuak gure ezinegona areagotu besterik ez du egiten. Inkomunikazioa bezalako erregimen anker batean giza eskubideek zein leku gutxi daukaten ezaguna zaigu. NBE Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideen Batzordeko kontalariak, Human Right Watchek, Amnesty Internationalek eta giza eskubideen defentsan jarduten duten erakundeek sarritan eskatu diote Espainiari giza eskubideen ikuspegitik onartezina den erregimen hori ezabatzeko. Berria Taldeko langileok bat egiten dugu eskaera horrekin. Are gehiago bizi dugun aro politiko berri honetan. Honenbestez, ondorengoa exijitzen diogu Espainiako Gobernuari: 1. Atxilotuen eskubideak ez direla zapalduko bermatuko duten mekanismoak ezartzeko, inkomunikazioa kentzetik hasita. 2. Atxilotuak lehenbailehen aske uztea. Epaiketarik gabeko zigor gehiegi pairatu behar izan dugu euskal herritarrok honez gero. Era berean euskal herritarrei ondorengoa eskatzen diegu: Euskal herritarron eskubideak bermatuko dituen babeslekuaren eraikuntzan inplikatzea. Bukatzeko, atxilotuei, haien senide eta lagunei gure elkartasunik beroena adierazi nahi diegu. Sinatzaileak: Berria Taldeko langileak. Andoain.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide