Kirola, aisialdia eta gastronomia izango ditu ardatz Arraun Egunak

Ane Olaizola 2012ko otsailaren 22a

Orioko Arraun Taldeak Arraun Eguna antolatu du lehenengo aldiz, Oria Ibaiko XVIII. Jaitsiera aitzakiatzat hartuta. Antolatzaileek Babyauto Banderari «bestelako neurria» eman nahi izan diote aurten, eta horretarako, ekimenak prestatu dituzte larunbaterako. Herriko hainbat lekutan egingo dituzte. Atzo aurkeztu zuten Arraun Eguna Ibon Huegun Arraun Elkarteko presidenteak, Zigor Gazpio Arraun Elkarteko ekitaldien arduradunak, Beñat Solaberrieta Orioko alkateak, Ibon Maza Babyautoko ordezkariak, eta Arantxa Eguzkiza Eusko Label Euskal Sagardoaren ordezkariak. Huegunek adierazi duenez, «ohore handia» da Arraun Egunerako anfitrioi lanak egitea. «Arraunarekin zerikusia duen jende asko elkartuko da otsailaren 25ean herrian, eta horrek lana eskatzen du. Mutilen hiru ligetatik eta nesken ligatik datozen traineruez gain, Badalonatik, Perillotik eta Malagatik ere etorriko dira traineruak. Baina jendearen erantzun ona ikusita, atsegin handiz egindako lana dela onartu behar dut». Izan ere, ohi bezala, Oria Ibaiko XVIII. Jaitsierak hartuko du tarte berezia. Aurten, gainera, aurreko urteetan baino parte hartze handiagoa izango du probak, 57 taldek eman baitute izena. Huegunek jakinarazi duenez, Euskal Herriko traineru ia guztiak itsasoratuko dira larunbatean, baina, Kantabria, Galizia, Herrialde Katalanak, Andaluzia eta Kanariar Irletako ordezkariak ere izango dira bertan. Traineruen arteko «neguko hitzordu garrantzitsuena» 17:00etan hasiko da. Aurten ere llagut ontzi modalitatean ere lehiatuko dira. 2009an hasi ziren modalitate horretako ontziak Orion lehiatzen, eta ordutik urtero izan da norgehiagoka. Mediterranioko ohiko ontzia da llaguta, eta honek irekiko du proba. Ondoren, talde mistoen, emakumezkoen eta seniorren hamazazpi traineruk 4.000 metroko saioa hasiko dute Sarikolatik. Minutu bateko tartearekin irtengo dira traineruak, erlojupean. 17:15ean, berriz, gizonezko seniorren txanda izango da. Horiek 6.000 metro egingo dituzte Mapilletik Oriora. Modalitate horretan 37 traineru lehiatuko dira, eta talde nagusiak izango dira itsasora ateratzen azkenak; tartean, Urdaibai, Hondarribia, San Juan eta San Pedro. Baina eskualdeko talde ugari ere izango dira larunbatean Orion; hala nola, Orioko eta Getariako hiru traineru, Zumaiako bi traineru eta Zarauzko traineru bat. Estraineko aldiz, Babyauto Bandera hartuko du izena ekitaldiak, enpresa horrek babestuko baitu jaitsiera. «Orion ditu sustraiak enpresak, eta ilusio handia egiten du halako jaialdi batean egoteak. Ekintza sozial ugari izango dira, eta egun polita izango dela iruditzen zait», esan du Mazak. Aurten, gainera, bandera jasoko du irabazleak lehenengo aldiz. Horrez gain, Gipuzkoako traineru onenari ere emango diote Eusko Label Saria. «Oihartzun handiko proba» Arraun Elkarteko lehendakariak aitortu du traineruen arteko proba «oihartzuna irabazten» ari dela urtez urte. «Horregatik, egunari bira bat eman nahi izan diogu». Antolatzaileek, norgehiagokaz gain, gainontzeko elkarteekin ere harremana indartu nahi dute. Beraz, larunbateko ekitaldian horiek ere hartuko dute parte. Gazpiok aurkeztu du egitaraua, eta, honen arabera, «kirolak, aisialdiak eta gastronomiak bat egingo dute». Goizetik hasiko dira ekimenak, haurrentzako jolasekin, eta ondoren Eusko Label sagardoaren ginkana egingo dute ikastola aurrean. Bertan, Hondarribia, San Pedro, Zarautz, Zumaia, Ondarroa eta Orioko taldeetako ordezkariek eskainiko dute ikuskizuna. Ergometroan arituko da lehendabizi talde bakoitzeko gizonezko eta emakumezko bana. Patroiek, berriz, lokotx bilketan jardungo dute. Herri bakoitzeko alkateek, gero, arraunaren inguruko tribiala osatu beharko dute. Ondoren, Eusko Label produktuak dastagai izango dira ikastolan. Eguzkizak adierazi duenez, Eusko Label Euskal Sagardoa egitasmoarekin bat dator: «Orioko elkarteak bertako harrobiarekin egiten du lan, eta guk ere horren aldeko apustua egiten du. Baina bertakoa izateaz gain, kalitatezkoa ere izan behar du, eta horrek Orioko Arraun Elkartearekin identifikatuta sentitzea eragiten digu». Festa, gaueraino Oria Ibaiko XVIII. Jaitsierarako kiniela egingo dute herriko tabernetan. Euro baten truke, bandera nork irabaziko duen asmatu beharko dute herritarrek. Apustuak egiteko epea 16:00etan amaituko da, eta sariak bandera banatzearekin batera emango dituzte. Katxiña, Xixario, Bodegon Jose Mari eta Sarasua jatetxeetan bi lagunentzako afariak zozkatuko dituzte. Gauean, berriz, herri afaria egingo dute frontoian. Txartelak erosteko epea gaur amaituko da. Baraka, Gure Txoko, Arkaitz eta Salatxo tabernetan, 20 euroren truke eros daitezke. Bazkarian honako menua izango dute: iberikoak, patea, txorizoa sagardotan, kroketak, txerri saiheskia, eta postrea (gazta, irasagar-gozokia eta intxaurrak). Orioko alkateak, bere aldetik, ekitaldietan parte hartzera eta horiz janztera animatu ditu herritarrak, «larunbatean arraunaren festa izango baita». Orioko Udalak «gustura» jaso zuen Arraun Egunaren proposamena alkateak adierazi duenez, eta ekitaldiak aurrera eramateko baliabideak jarri dituztela esan du, «hori delako udalaren eginbeharra». Egitaraua otsailak 25, larunbata 11:00. Umeen jolasak ikastola aurrean. 11:30. Eusko Label sagardoaren ginkana, ikastola aurrean. Parte-hartzaileak: Hondarribia, San Pedro, Zarautz, Zumaia, Ondarroa eta Orio. Egin beharreko lana: Ergometroa, lokotx bilketa, arraunari buruzko tribiala eta sagardoa botatzea. 12:00. Eusko Label produktuen dastaketa. 12:30. Egunsenti otxotearen kantu-jira. 16:00. Kiniela egiteko epea amaituko da. 17:00-18:30. Oria Ibaiko XVIII. Jaitsiera, Babyauto Bandera, hasiko da. 19:00. Sari banaketa, Orioko plazan. 19:15. Herrien arteko sokatira desafioa. 21:00. Afizioen eta arraunlarien afaria frontoian. Txartelak salgai herriko tabernetan, 20 eurotan. 23:00. Karaokea plazan. Amaitzeko. Xabi Arostegi DJ, plazan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide