Iraitz Gesalaga Tximas-ek badaki Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaia ez dela haren aldekoa izango, baita haren abokatuak ere. «Angela Murillo epaile izanda, epaia justua izango den esperantzarik ez dugu». Erabakia hilabeteren buruan jakinaraziko duela aurreikusi dute, eta kontrakoa baldin bada, Auzitegi Gorenean helegitea aurkeztuko du abokatuak. Hala ere, zarauztarra «indartsu» dagoela adierazi dute haren gertukoek: «Umoretsu dago, eta poza eman dio harekin gaudela jakiteak. Horrek lagundu egiten dio». Prozesua amaitzeko gogoz dagoela gaineratu dute, «atzerako kontua hasteko» prest.
Ostiralean izan zen Tximas-en aurkako epaiketa, Espainiako Auzitegi Nazionalean, eta autobus bete herritarrek bidaiatu zuten Madrilera, epaiketa bertatik bertara bizi eta atxilotuari elkartasuna adierazteko. Tximas-ek berak eta Itxaso Urteaga zarauztarrak deklaratu zuten saioan, baita horretara deituta zeuden lau guardia zibiletik hiruk, besteak beste. Azken horiek ikusteko aukerarik ez zuten izan zarauztarrek; kristal ilun baten atzean deklaratu zuten.
Gesalagak abokatuaren galderei soilik erantzun zien—fiskalak galdetutakoari ez erantzuteko eskubidea du atxilotuak—, eta informatikaz «ezer gutxi» dakiela nabarmendu. Horrez gain, ETArekin ez duela loturarik adierazi zuen. Urteagak berretsi egin zuen hark esandakoa, abokatuaren eta fiskalaren galderei erantzunez . Haren arabera, lau egunez atxilotuta egon zenean, galdeketa ugari egin zizkiotela, eta adierazitakoak «mehatxuen ondorioz» esan behar izan zituela. Venezuelara joan zirenean, Gesalagak hiruzpalau egun egin zituela mendian, bakarrik; harek Espainian atxilotuko zuten beldurrez egin zuela Frantziara alde, eta informatikoa zela esan zuen orduan. Epaiketan, ordea, Venezuelara oporretara joan zirenean uneoro Gesalagarekin egon zela baieztatu zuen, eta «lan eskaintzagatik» lekualdatu zela iparraldera, baita ezagutza informatiko «mugatuak» zituela ere.
«Ezbaian»
Bestalde, abokatuak fiskalak esandakoak «ezbaian jarri» zituela jakinarazi dute epaiketan egon zirenek. Francisco Javier Lopez Peña Thierry atxilotutakoan, haren etxea miatu ostean bildu zituzten paperetan, Iraitz izena agertzen zela azaldu zuen fiskalak; ez zen ordea, abizenik ezta ezizenik ere ageri. Era berean, paperotan Ekaitz —Ekaitz Sirvent zarauztarrari erreferentzia egin zion fiskalak—ere irakur zitekeela, eta hura Tximas-en herrikidea zela gaineratu zuen. Horren aurrean, abokatuak «ziurtasun falta» salatu zuen, bi izen horiek «ohikoak» direla Euskal Herrian, eta Ekaitz Sirvent izatekotan, ez zela Gesalagaren herrikidea, izatez Ordiziakoa baita.
Bestalde, hala frogatzen bada ere, Tximas-ek ETArekin kolaboratu izana «ekintza puntuala» izan zela nabarmendu zuen abokatuak, eta erakunde armatuko kide dela esatea «akusazio serioegia» dela. Ondorioz, hamar urteko kartzela zigorra eskatzea «gehiegizkoa» dela nabarmendu zuen.
Urtebete ondoren
Gesalaga iazko urtarrilaren 11n atxilotu zuten Ziburun (Lapurdi), ETAko informatika arduraduna izatea eta FARC Indar Armatu Iraultzaile Kolonbiarrei irizpide informatikoak helarazi izana leporatuta. Egun berean atzeman zuten Urteaga ere, Zarauzko Vista Alegre auzoan. Lau egun inkomunikatuta egon ostean askatu zuten gaztea. Iazko otsailaren 1ean onartu zuen Pauko epaitegiak (Frantzia) Gesalagaren aurkako euroagindua; ordura arte Toulouseko espetxean egon zen atxilo. Egun epaiketagatiko lekualdaketak direla-eta Madriden badago ere, Castellongo (Valentzia) espetxean egon da preso euroagindua onartu zutenetik.
