
Aurten Iñurritzako zelaiak ez du Extremadura itxura hartuko; ez da txitxi-burruntzi ez miga usainik izango San Pelaion, ezta
dantza tipikoen emanaldirik ere. Izan ere, Francisco Zurbaran elkarteko batzordeak aurten Extremadura Eguna ez antolatzea erabaki du. Gehiengoz hartu du erabakia. Jakinarazi dutenez, duela 8-10 urtetik gaur arte egoera aldatu egin da: «Lehen festa antolatzen zutenak egun helduak dira, eta lan handia da haientzat halako ekitaldia prestatzea». Asko erretiratuta daudela diote, eta beste askok adinari lotutako ajeak dituztela.
Ondorengo belaunaldietako «Extremadurako semeek», gainera, haien lurrarekiko ez dutela «hainbesteko lotura» sentitzen diote. «Asko bertako emakume edota gizonekin ezkondu dira, eta beste hainbat gauzatan dute burua. Ez duten hainbesteko extremeñismoa sentitzen».
Lanari dagokionez, festa handia antolatzea ez dela «egun bateko kontua» nabarmendu dute. «Extremadura Eguna antolatzea lan nekeza da. Hiru fase ditu. Lehenik eta behin, zein ekitaldi egingo diren pentsatu behar da; xehetasun guztiak aurrez prestatu behar dira. Gerora, egunean bertan egin beharreko lana dator, lan izugarria. Azkenik, guztia jaso behar da, eta hori ez da bi ordutan egiten den zerbait».
Horrez gain, aurreikusi ezin daitezken faktoreek ere festan eragina dutela gogoratu dute; eguraldiak, kasu. «Ezin da inoiz asmatu. Eguraldi ona egiten badu, jende gutxi gerturatzen da Iñurritzara, nahiago izaten baitute hondartzara joan. Euria eginez gero ere herritar gutxi izaten da».
Kultur astea, bai
Ekainean Erromeria Eguna egingo ez badute ere, ohiko Extremadurako Jardunaldiak ez direla falta izango jakinarazi dute. Laster murgilduko dira saioon prestaketa lanetan. Askotariko ekimenak izango dira, hala.