Aiako Udalak 221.401,91 euro itzuli beharko dizkio Gipuzkoako Foru Aldundiari

Urola Kostako Hitza 2012ko otsailaren 17a

Aiako Udalak jakinarazi duenez, Gipuzkoako Foru Aldundiari 221.401,91 euro itzuli beharko dizkio aurten. Iazko likidazioa eta 2009. urteko foru funtsa direla medio ordaindu beharko du udalak kopuru hori. Izan ere, 2011ko likidazioaren ondorioz, 140. 267,14 euro itzuli behar dizkio diputazioari. Aldi berean, ordea, dirua jasoko du Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskutik, Opor fiskalen auzia-rekin lotutakoa. Hala jakinarazi du Igor Iturain Aiako alkateak. Opor fiskalen auzia-k 90eko hamarkadan su sorburua. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako aldundiek 1995 eta 2000 urte artean sortzen ziren enpresek ez zutela Sozietateen Gaineko Zergaren zati bat ordaindu beharko erabaki zuten orduan. Opor fiskal horiek 300 enpresa inguruk eskuratu zituzten. Baina urte batzuk geroago Europako Batzordeak «legez kanpokotzat» jo zuen neurria. Hala, opor fiskalak lortu zituzten enpresei dirua bueltatzeko agindu zieten. Hori dela eta, Gipuzkoako Foru Aldundiak 4.863,25 euroko saldoa du herrialdeko udalerriei emateko, eta bakoitzak zenbateko jakin bat jasoko du. Aiako Udalak 4.865,23 euro jasoko ditu aldunditik. Konpentsazioa kontuan izanik, beraz, hasiera batean 135.401,91 euro eman behar dizkio Gipuzkoako Foru Aldundiari. Kopuru horrez gain, 2009. urteko foru funtsa itzuli beharko du udalak orain; 86.000 euro inguru. Kalkulu guztiak eginda, beraz, 221.401,91 euro ordaindu beharko dute. Itzuli beharreko kopurua «behin betikoa» dela jakinarazi du Iturainek. Hala ere, Orioko Udala gaur elkartuko da Gipuzkoako Foru Aldundiarekin, «ordainketak sakonago aztertzeko asmoz». Likidazioa itzultzerako orduan, diru guztia aurten ordainduko dute. Hasierako planteamenduaren arabera, kopuru osoaren %50 otsailean itzuliko dute; eta beste erdia, berriz, hiru zatitan ordaintzea aurreikusten du alkateak; maiatzean, abuztuan eta azaroan. Izan ere, Gipuzkoako Foru Aldundiak hilabete horietan ematen ditu foru funtsak. «Neurriak moldatu» Iturainek adierazi duenez, diputazioari eman beharreko dirua aurreikusi baino 30.000 euro gehiago da. «2012ko aurrekontuetan 190.000 euroko partida onartu genuen Gipuzkoako Foru Aldundira bideratzeko. Izan ere, aldundiak esan digu aurreikusitakoa baino zerga gutxiago jaso dutela». Hori hala izanik, Udalak 2012ko kontuak «estutu» beharko dituela adierazi du Iturainek, baina ez du argitu zein arlori eragingo dion neurriak. «Oraindik ez dugu baloraziorik egin, baina ahalik eta murrizketa gutxien egiten ahaleginduko gara. Hala ere, izango ditugu ondorioak», adierazi du Igor Iturain alkateak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide