Dantza egiteko moduko kontzertua antolatu du biharko musika bandak

Urola Kostako Hitza 2012ko otsailaren 17a

Azpeitiko Musika Bandak Inauterien baitan ekimen berria jarriko du martxan bihar. 22:00etatik aurrera kontzertu berezia joko du Sanagustin kulturgunean. Dantzarako moduko doinuak joko dituzte, eta hainbat kantutan Olatz Prat eta Felipe Murillo azpeitiar kantariek hartuko dute parte. Orain dela urte batzuk, tankera horretako kontzertuak udan jotzen zituen Azpeitiko Musika Bandak, baina jendea ez zen dantza egitera animatzen eta utzi egin zuten ekimena. Orain, barruko babesean antolatuko dute, «barruko epelean eta argiekin girotuta agian jende gehiago animatuko da dantzara», dio Unai Frantzesena Azpeitiko Musika Bandako zuzendariak. Sansebastianak pasatu eta Inauterietako piezak entseatzen hasi ziren Musika Bandakoak, «baina hilabete inauterietako kantuekin jarduteko asko da, eta orduan kontzertu berezi hau antolatu dugu. Iaz ere beste kontzertu berezi bat antolatu genuen, soinu bandena». Ondo pasatzeko doinuak Adin guztietako pertsonei zuzendutako kantuak, udako kantak, dantzatzeko moduak... joko dituzte biharko kontzertuan: Camisa negra, A lo loco!, Lagrimas negras, Demasiado corazon... Festa giroko ekitaldia izango da, «inauterietarako girotu eta ondo pasatzeko antolatu dugu». Bihar hasi eta asteazkena bitartean Azpeitiko Musika Bandako musikariek ez dute atsedenik izango. Inauterietako igandean, astelehenean eta asteartean goiz eresietan, kalejiretan eta mozorro desfileetan parte hartuko baititute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide