
Francisco Escudero musikaria, artxiboko argazki batean (Argazkia: Zarauzko Udaleko argazki artxibategia)
1987an sortu zuen Francisco Escudero musikariak Joan Bautista (Oratoria) izeneko sinfonia korala, Zarauzko Udalaren enkarguz, herriaren 750. urteurrenaren ospakizunetan. Ospakizun haien egitarauaren baitan, geroago, musikariak Zarautzentzat berariaz sortutako sinfonia entzuteko aukera ere izan zuten herritarrek, udal kiroldegian aritu baitziren Zarautz Abesbatzako kideak kantuan, orkestarekin batera.
Garai hartan, Zarautz Abesbatzako zuzendaria izan zen Joakin Iruretagoiena, hainbat urtez. Gogoan du sinfonia korala landu eta jendaurrean abestu ondoren eskuizkribua «egoki»gordetzeko bermerik ez izateak sortu zion «ezinegona». Izan ere, Escuderok sortutako «altxor» hura erraz hondatu edo desager zitekeen, zaintza eta arreta berezirik gabe.
Ildo horretatik, eskuizkribua Zarauzko ondare kultural garrantzitsua dela eta, ahalegina egin zuen udal artxibategian zein beste «leku egokiren batean» gorde zedin, baina erantzunak ez zuen lasaitu. Izan ere, ez zioten ziurtatu hura mantentzeko lekurik prestatuko zutenik. «Polikulturalean gordeko zutela esan zidaten. Gerora, eraikina ez zutela egingo jakinarazi zidaten, ordea», nabarmendu du zarauztarrak.
Etxeko tiradera batean
Iruretagoienari «mingarria» zitzaion Escudero bezalako musikari batek sortutako sinfonia koral baten eskuizkribua hondatzen edo desagertzen ikusteko aukera. Hori dela eta, eskuizkribua hartu, ingurukoei jakinarazi, eta etxean gordetzea erabaki zuen, noizbait Zarauzko Udalari itzultzeko asmoarekin, Udalak eskuizkribu hura ondo zainduta gordetzeko bermea emango ziolakoan. Hala, etxeko tiradera batean gorde zuen. Hala ere, ez zen lasaitu; izan ere, lapurtu edota puskatzeko aukerak beldurtzen zuen: «Ardura handia sentitzen nuen».
Aurten, Francisco Escuderoren jaiotzaren mendeurrenarekin bat eginez, eskuizkribua Udalaren esku uzteko garaia heldu dela iruditu zaio. Iruretagoienaren eskutik, aste honetan jaso du eskuizkribua Gari Berasaluze kultura zinegotziak, eta Kultura Sailak berehala sailkatu eta gorde du Zarauzko Udalaren ondareari dagozkion lanen artxiboan.
Escuderoren mendeurrena gogoratzeko Kultura Sailak laster aurkeztuko du urte osoko egitaraua, eta horren barruan, besteak beste, musikariari buruzko erakusketa ere izango da. Horri lotuta, Berasaluzek argi du «aste honetan jasotako altxor hau herritarrek ikusteko eta ezagutzeko moduan» jarriko dutela, «ondo zainduta eta babestuta, noski». «Iruretagoienak eskuizkribu horrekiko erakutsi duen ardurak, eta Escuderok lan hau zarauztarrentzat sortu izanak, aparteko lekua behar dute mendeurrena gogoratzeko antolatuko ditugun ekimenetan».
Ahots zein orkestarentzat
Joan Bautista, oratorio. Izenburu hori du Francisco Escuderok Zarauzko Udalaren enkarguz 1987an sortutako sinfonia koralak. Iruretagoienak jakinarazi duenez, herriaren 750. urtemugarako obraren bat egiteko proposatu ziotenean, hura dagoeneko aipatu lana lantzen ari zela erantzun zien. «Frantziskotarren eliza pareko Joan Bautistaren eskultura oinarri hartuta sinfonia sortzen ari zela esan zigun Escuderok, Zarautzi eskaintzeko».
Eskuizkribuaren lehen orrialdean ageri da izenburua Escuderok berak idatzita: Joan Bautista (Oratorio para voces y orquesta). Karmelo Iturria fraide frantziskotar zarauztarraren laguntza izan zuen Escuderok sinfoniaren letra euskarara egokitzeko, eskuizkribuaren lehen orrialdean aitortzen duen moduan.
Sinfonia koral horrek lau zati ditu: Betabara, Jesusen Bataioa, Salome eta Herodes, eta Hileta.
Astearteaz geroztik, Zarauzko udal ondarearen artxiboan sailkatuta eta ondo gordeta dago eskuizkribua , eta aurten inauguratuko den Escuderori buruzko erakusketan ikusgai izango da.