
Iazko mozorro lehiaketako irabazleak; heldu zein haurrek osatutako taldea, hegazkineko eskifaia. (Argazkia: Danbolin)
Inauteriak ate joka direla eta, Ekain Guraso Elkarteak hainbat ekimen prestatu du datorren asteartera bitarterako. Larunbaterako txokolatada antolatu du, esaterako, mozorro desfilearen aurretik egiteko, urtero legez.
Helduak larunbatean bakarrik mozorrotuko diren arren, haurrak asteartean ere jantziko dituzte mozorroak, eta askaria izango dute guraso elkarteak antolatuta. Horren ondoren, berriz, Kultura plazara ikuskizuna izango da udaletxeko arkupetan Irrien Lagunen eskutik. «Umeek astelehen eta asteartea jai izaten dituztenez, asteartean zerbait egiten da arrasaldean; normalean, askaria eta ikuskizuna», jakinarazi du Izaskun Larrañaga Ekain Guraso Elkarteko kideak.
Haur eta gurasoentzat
Zestoako Herri Eskolako gurasoen elkartea da berez. 280 haurretik gora daude bertan, eta elkarteak gurasoak eta haurrak ordezkatzen ditu. «Aisialdiko ekitaldiak antolatzen saiatzen gara, ikuskizunak izan litezkeenak, eta horrekin lotuta, baita askariak edo txokolate-janak ere, besteak beste». Festen inguruan dauden hainbat ekintza antolatzeaz arduratzen dira. «Adibidez, amabirjinetako umeen eguna Zestoako Udalaren eta Ekaingoen artean antolatzen dugu. Danborrada ere geuk prestatzen dugu».
Horrez gain, «hitzaldiak, tailerrak… hezkuntzarekin zein kirolarekin lotuta dauden atala ere lantzen» saitzen direla jakinarazi du Larrañagak. Ikastetxeak daukan logopedia zerbitzuan ere laguntzen dute.
Psikomotrizitate tailerrak prestatu izan dituzte eskolatik kanpo, eta hitzaldiei dagokionean, haurren inguruko hainbat gai jorratu izan dute, «elikadurarekin, eta teknologia berriekin lotutakoak. «Wifiari buruz egin genuen bat. Otsail amaieran edo martxoan sare sozialen inguruko hitzaldia ere antolatuko dugu, seme-alaba kozkortuagoak dituzten gurasoei zuzenduta,
sare sozialak erabiltzeak ekar ditzakeen arriskuen berri emateko asmoarekin». Ikasteko zailtasunei eta erraztasunei buruzko saio bat egitea ere pentsatu dutela aurreratu du Larrañagak.
Inauterietako egitaraua
Bihar
-17:30ean. Ertxiña Musika Eskola Banda Txikia, kaldereroz mozorrotuta, kalejiran.
-19:30ean. Musika Eskolako banda txikiaren eta herriko musika banda nagusiaren kontzertua, udaletxeko arkupetan.
Otsailak 18, larunbata
-17:00etan. Txokolate-jana, Ekain Guraso Elkarteak antolatuta.
-18:00etan. Desfilerako izen ematea.
-18:30ean. Umeentzako mozorro desfilea arkupetan.
-19:00etatik 21:00etara. Laranjadi txaranga.
-21:00etan. Afaria udaletxeko arkupetan Zestoako Gazteen Asanbladak antolatuta.
-00:00etan. Helduen desfilerako izen ematea.
-01:00etan. Helduen desfilea, Zestoako Gazteen Asanbladak antolatuta.
-23:00etatik 01:00etara. DJ Xa2.
Otsailak 21, asteartea
-16:30ean. Merienda, Ekain Guraso Elkarteak antolatuta.
-17:00etan. Kultura plaza, Irrien Lagunen ikuskizuna udaletxeko arkupetan.