[caption id="attachment_43175" align="alignleft" width="300" caption="Iñigo Saenz (Argazkia: Ane Olaizola)"]

[/caption]
Iñigo Saenz
Txolo (Bilbo, 1960) korrikalari eta Zumaiako Flysch Traileko antolatzaileari omenaldia egin zion atzo Aspanogi Gipuzkoako Haur Minbizidunen Guraso Elkarteak, Donostian. Azken urteetan elkarteari emandako laguntza aitortu zioten Txolori, Toni Duart eta Alessia Bertolino taldekideekin batera.
Noiz hasi zinenAspanogi elkartearekin elkarlanean?
Katalunian nahikotasun-proba batean hartu genuen parte 2007. urte inguruan. Zazpi egunetarako elikagaiak, lozakua eta halako gauzak norberak eraman behar zituen, ura izan ezik. Atzo omendu zituzten beste bi lagunekin harremana hasi nuen orduan.
Taldeka parte hartzea pentsatu genuen hirurok, eta elkartearekin —orduan Aspanogas zen— elkarlanean hastea erabaki genuen. Hasierako helburua ekonomikoki laguntzea zen; jasotzen genuen dirua elkarteari bideratu nahi genuen. Baina gure egoera ekonomikoa ere ez zen oso ona, eta orduan, elkartearen nondik norakoak zabaltzen laguntzen hasi ginen. Kideei ere hori gehiago komeni zatzaien, nahikoa hasiberriak zirelako. Gara hartan hedabideetan ateratzen ginen. Beraz, elkarrizketak paraleloki zihoazen; guk gure ekimenaren berri ematen genuen, eta haiek elkartearen berri ematen zuten. Hori izan zen lehenengo kolaborazioa. gero Zumaiako Flysch Trail mendi lasterketa antolatzen hasi ginen lau lagun. Irabaziak Aspanogi elkartera bideratzea planteatu nuen, eta besteek onartu egin zuten. Lasterketan ateratzen ditugun irabaziak elkarteari ematen dizkiogu.
Zergatik pentsatu zenuten erakunde bati laguntzea?
Proba horretan egiten zen ahalegina izugarrizkoa zen; asko sufritzen zen. Bagenekien ahalegin horrek oihartzun handia izango zuela prentsan, eta aspalditik genuen buruan halako probak gobernuz kanpoko erakunde batekin batera zabaltzea. Behin baino gehiagotan esan dut borroka egiten dugula, baina asebete egiten gaitu. Elkarteko kideek, ordea, euren bizitzagatik egiten dute borroka.
Zer dela-eta aukeratu zenuten Aspanogi?
Gobernuz kanpoko erakunde bati laguntzea erabaki genuenean, pentsatu genuen haurrak ardatz dituen elkarteek jendearen sentiberatasuna pizten dutela. Elkarteak duen funtzionamendua konplexua da; laguntza psikologikoa ematen dute, egoitzetan leku esklusiboak dituzte... Gainera, norberaren ahaleginak ere ematen du fruitua. Gure kasuan, elkarteko haurrak ezagutu ditugu, haiekin egoten gara. Orduan ondo iruditu zitzaigun elkarteak egiten duen lana, eta harremanetan jarri ginenean, adiskidetasuna sortu zen guztion artean.
Zumaia Flysch Trail mendi lasterketa antolatzen hasi ginenean, berriz, pentsatu genuen urte bakoitzean elkarte bati lagundu behar geniola. Lehenengo urtetik, ordea, laguntzera etorri ziren elkarteko kideak, eta harreman oso ona sortu denon artean. Beraz, hurrengo urteetan ere haiekin lankidetzan jarraitzea pentsatu genuen, umeek eta gurasoek arazo handia dutelako.
Elkarteak asko eskertuko du zuen lana, ezta?
Bai, asko. Elkarteko kideak eta gu lagunak izatera iritsi gara. Asko maite ditugu haurrak, eta gogorra da kasuak ezagutzea.
Halako erakundeen jarduna erraz zabaltzen al dira kirolaren bidez? Jendearengana heltzeko eraginkorrak al dira kirol ekitaldiak?
Baietz uste dut. Oraintsu Tuterako mutil batek 500 maratoi jarraian egin ditu, eta irabaziak gobernuz kanpoko erakunde batera bideratu ditu honek ere; oihartzuna izan du kasuak. Beraz, kirola bada elkarte horiek ezagutaratzeko modu bat.Horrez gain, kirol proba bat antolatzerakoan, enpresa bati dirua eskatzen badiogu, honek errazago emango digu; besteak beste, publizitatea egingo diogulako. Pasa zen urtean hainbat maratoitan hartu nuen parte, eta korrikalari asko ikusi nituen halako erakundeei propaganda egiten. Bide hori, beraz, nahiko eraginkorra da.
Ohikoa al da lasterketetako irabaziak gobernuz kanpoko erakundeei ematea?
Gure kasua nahiko amateur-a da; ez dugu emateko diru askorik. Baina halako ehunka kirol proba daude. Gipuzkoan bezala, beste herrialdeetan ere badaude Aspanogi elkartearen parekoak. Elkarte osoa kontuan hartuta, beste proba batzuetatik ere jasotzen du dirua. Baina lasterketa guztiek ez dituzte irabaziak ematen. Gure kasuan, lehenengo hiru urteetan ondo atera zaigu, eta dagoeneko kopuru jakin bat bideratzen dugu horretara, baina guztiek ezin dute hori egin.
Orain, zergatik omendu zaituzte Aspanogik?
Elkarteak urtero omentzen du lagundu duenen bat Haur Minbizidunen Nazioarteko Egunean. Txirrindulariek, pailazoek eta beste hainbat lagunek kolaboratzen dute Aspanogi erakundearekin, eta aurten guri suertatu zaigu.
Zer eragiten dizu aitortza honek?
Beti hartzen da gustura norbaitek eskerrak ematea. Haurrak berriro ikustea eta haiekin guztiekin egotea ere atsegina da; beti oso ondo hartzen gaituzte, egia esan. Oso egoera kuttuna izan ohi da. Baina lana ez dugu horregatik egiten, ezta gutxiagorik ere.