Aitzindariak beti erreferente

Aritz Mutiozabal 2012ko otsailaren 16a

Ingeniaritzaren historia hutsunez josita dago. Esaterako, izan al da emakumerik ingeniari? Galdera hori erantzute aldera, Zumaiako Udaleko Berdintasun Sailak Emakume ingeniari eta asmatzaileak erakusketa antolatu du Alondegiko aretoan; otsailaren 29a bitartean ikusi ahal izango da. Ia 20 argibide-panelen bidez, XX. mendean emakumeek egindako asmakizunen berri ematen du erakusketak. Emakumeek duela gutxira arte ez zuten bere lana patentatzeko eskubiderik. XX. mende hasierako emakume ingeniariek zailtasunak izan zituzten, eta beren asmakizunak edo diseinuak, maiz, familiako gizonezkoren baten izenean erregistratu behar izan zituzten. Ondorioz, benetako sortzailea zein den zalantzan geratu dira. Ondorengoei, berriz, zertxobait errazagoa izan zitzaien. Hala ere, zailtasunak zailtasun, erakusketa horretan agertzen diren asmakizun guztiak emakume horiek patentatuak dira. EHUko irakasle Lourdes Dominguez, Victoriano Dominguez eta Enkarni Gomez, Moako (Kuba) metalurgia irakasle Yuliuva Hernandez eta kazetari Yuliesky Hernandez, eta Ainhoa Güemes artista dira erakusketaren egileak. Proiektuarekin esparru industrialeko emakume erreferenteak aurkeztu nahi dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide