Udalak ‘Orioko plaza’ argitaratzeari utzi dio, «bikoiztasunak» ekiditeko

Ane Olaizola 2012ko otsailaren 16a

Pasa zen maiatzera arte Orioko Udalak Orioko plaza aldizkaria argitaratzen zuen hilabetero. Horren bidez, udalaren berriak iristen ziren herritarrengana. Horrek «sortzen zituen bikoiztasunak» ekiditeko, ordea, Orioko Udalak aldizkaria argitaratzeari utzi dio. «Krisi garaian, are gehiago, bikoiztasunak saihestu behar dira. Izan ere, herriko eta udaleko informazioa lantzen duten komunikabideak egonda, —are gehiago informazioa euskaraz lantzen dutenak— Orioko Udalak aldizkari propioa izateak bikoiztasuna sortzen du». Izan ere, Orioko Bilduren arabera, «informazio mota hori lantzen dituzten hedabideak badaude». Orioko plaza hilabetekaria ez egiteko beste arrazoi «garrantzitsu bat» badela adierazi du udalak. «Komunikazio munduan aberastasuna ona da, baina udalak komunikabide propioetara dirua bideratzeak zalantza sortzen digu». Koalizioak adierazi du erakundeari «interesgarri zaion informazioa galbaherik gabe eskaintzeko herritarren dirua erabiltzea ohikoa» bihurtu dela, baina horrekin desados dago Orioko taldea. Honen ustez, herri mailako komunikabideen bidez informazioa ematea «bidezkoagoa» da. Hedabideei transmisioa Hori hala izanik, udal gobernuaren informazioa helarazterakoan  ez dela hutsunerik egongo uste du Orioko Bildu koalizioak. Ordezkariek adierazi dutenez, herri informazioa lantzen duten komunikabideei igorriko diete «udalak eta herritarrak» lantzen dituzten egitasmoen informazioa. Zentzu horretan, «transmisioa hedabideen bidez egiteko», lana «serio» egiteko konpromisoa adierazi dute. Iazko maiatzeko hauteskundeen ondoren Orioko Udal Gobernuaren ordezkaritza aldatu ondoren, Orain plataformak proposatu zuen Orioko plaza aldizkaria argitaratzeari utzi, eta informazio hori Karkara herri aldizkariara bideratzea, baina azkenean mahai gainean geratu zen eskaera. Bilduk adierazi du gerora gaia ez zela «espreski» jorratu, baina koalizioak berretsi du udalaren herri aldizkaria ez dela «beharrezkoa». Hala ere, Bilduk ukatu egin du udal informazioa Karkara aldizkariarekin lantzeko «programa garatu» denik. Sei urte etxez etxe Orioko Udala 2006. urteko uztailean hasi zen Orioko plaza aldizkaria argitaratzen, udalak egiten zituen ekimenen berri emateko. Hasiera batean, hiru edo lau hilabeteko tartearekin kaleratu ohi zuten, baina gerora hilabetero hasi ziren banatzen aldizkaria etxez etxe.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide