EGITARAUA Hasi da mozorro festa

Urola Kostako Hitza 2012ko otsailaren 15a

Inauteri giroa nabari da Urola Kostan. Eskualdean beste inon baino lehen azpeitiarrek heldu ohi diote mozorro festari. Larunbatean egin zuten Kaldereroen konpartsa. Herenegun, berriz, Azpeitiko Musika Bandak, Julian Barrenetxea Abesbatzak eta Azpeitiko Argazki Elkarteak Inauterietako emanaldia eskaini, zuten Sanagustin kulturgunean. Azpeitiko Udaleko Festa Batzordeko kideak gustura daude jai hasierarekin. Hala adierazi dute festa zinegotzi Mikel Ibarzabalek eta Festa Batzordeko kide Kontxita Martijak: «Kaldereroetan herritar askok hartu du parte, guraso gazte askok, batez ere. Denei eskerrak eman beharrean gaude». Azpeitian festa mahaia indartu nahi dutela adierazi du Ibarzabalek. «Gazte eta heldu, denon artean eta elkarlanean festak antolatzen ahalegindu behar dugu, denon artean egindako jaiak ederragoak izango direlako». Hala, aurtengo Inauterietan hainbat proposamen kontuan hartuta, berrikuntzekin antolatu dituzte Azpeitiko Inauteriak. Besteak beste, larunbaterako herriko musika bandak inauteri giroko dantzaldia antolatu du Sanagustin kulturgunean. Igandean, Elegante Egunean, berriz, artzain-inudeen konpartsa indartu nahi dute, eta bertan danborra jotzera animatu dituzte herritarrak. «Oraindik ere taldea osatzeko jendea behar da». Gaur dute entsegua, 21:00etan, perretxikoan. «Danborradan parte hartu nahi duenak hara azaldu besterik ez du», esan du festa zinegotziak. Txaranga, kirola girotzeko Kaleko giroa animatzeko, bai igandean eta bai astelehenean hainbat txarangarekin kalejirak antolatu ditu Azpeitiko Udalak. «Festa mahaian proposatu zuten gazteek txarangak antolatzea, eta horri heldu diogu», azaldu dute. Inauterietako astelehenean, haur mozorrotuen desfilea megafoniarekin egingo dute aurten. «Jende askok hartzen du parte desfilean, eta musika eskolako musikariak eta musika banda askok ez dituzte entzuten. Horri irtenbidea emateko, megafoniarekin egitea erabaki dugu. Unai Frantzesena ari da haurren desfilerako musika prestatzen». Helduen mozorro lehiaketarako aurten ere hainbat sari jarriko du Azpeitiko Udalak, baina sari banaketa udaletxean egin beharrean Sanagustin kulturgunean egingo dute aurten. Sansebastianetako musika doinuekin bezalaxe, inauterietako doinuak ere pianoan erraz jotzeko moduan moldatu ditu Jose Luis Frantzesena musikari eta musikagile azpeitiarrak. Horrez gainera, gitarra-jotzaileentzako edo soinu-jotzaileentzako akordeak ere zehaztu ditu. Azpeitiko inauteriekin eta sagardotegietako giroarekin lotutako 31 pieza dira Frantzesenak egokitu eta bildu dituenak bere lanean. Gehienak herrikoiak dira, eta beste batzuk Joxe Inazio Aldalur musikari azkoitiarrarenak, Jose Mari Altunak moldatutakoak, edota Frantzesenak berak egokitutakoak: Ai, ai, ai mutillak, Azpeitiko neska gaztiek, Idiarena, Alperrik izango dira, Antton Porru, Ardozaleak, Austin Atsegina, Lolita Vals, Sagardo tokian..., besteak beste. Umetatik Azpeitian entzundako piezak bildu ditu azpeitiarrak. «Gehienak herrikoiak dira, jendeak ezagutzen dituenak». Frantzesenak egindako lana nahi duenarentzako eskuragarri jarri du Azpeitiko Juan Antxieta musika eskolan. Orion, berrikuntzak Orion, aurtengo inauterietan berrikuntza dezente dituzte; inauterietako koreografia asmatu dute, eta larunbateko desfilean dantzatuko dute; aurten, lehenengo aldiz, desfile bateratua egingo dute herritarrek, 18:00-etan hasita; Orioko Udalak adierazi du «ahalik eta herritar gehienek» dantza egitea nahi dutela, beraz, bihar, 19:00tan Kosta tailerrean eta ostiralean, 19:00tan, Gaztelekuan entseguak egingo dituzte. Interneten ere ikus daiteke dantza, youtube eta Karkara aldizkariko atarietan. Bestetik, oriotarrek zamorro txiki garai bateko pertsonaia berreskuratuko dute; zaku batez estalita eta makila eskuetan duela, jendea zirikatzera irtengo du zamorro txikik. Horrez gain, tabernarien arteko lehiaketa ere egingo dute estraineko aldiz. Han parte hartzeko izena asteazkena baino lehen eman beharko da, Kultur Etxean. Urtero legez, Zarautzen, Getarian eta Zumaian inauteritako kartel lehiaketak antolatu dituzte. Pasa den ostiralean banatu zituzten sariak Zarautzen. Uxoa Zulaikak irabazi du lehen saria. Pozik hartu zuen berria: «Askotan aurkeztu ditut lanak lehiaketara, eta bigarren saria edota aipamen berezia jaso izan dut, baina inoiz ez lehenengo saria». Kartelak maskara bat du oinarrian, eta kartoiz inguratuta dago. Nork bere itxura birziklatzeko garaia du izenburua, eta egilearen esanetan, birziklatzea sustatzea du helburu. Getarian, berriz, helduen mailan Ainhoa Arrizabalo eta Koldobike Urrestik irabazi dute lehiaketa; eta, gainontzeko mailetan Izaro Lestayok, Beñat Esnalek, Unai Perezek eta Ane Aranesekinauterien inguruan egindako lanen alde egin du epaimahaiak. Zumaiako Udalak, bere aldetik, aurtengo inauterietako kartel onena Mireia Arrona Gonzalezena dela erabaki du. Egitaraua Aia Otsailak 17, ostirala. - Goizean, Andatzako ikastetxeko haurrek zeltiar kulturaren inguruko jaialdia egingo dute. - Lardizabal ikastetxeko ikasleek mozorro jaia egingo dute; 15:00etan, kalejira. Ondoren, unibertsoaren inguruko jaialdia, frontoian. Amaitzeko, gurasoek prestatutako txokolate-jana. Azkoitia Otsailak 17, ostirala. - 16:00etan, ikastetxeetako ikasleen kalejira txarangarekin. - 17:00etan, herriko plazan, haurrentzako askaria. - 17:00etan, haurrentzako dantzaldia Egan taldearekin. - 17:00etatik 19:30era, Kontzejupean, Abarketatxo ludotekako hezitzaileekin margoak, eskulanak, maskarak, aurpegia margotzea... - 21:30etik 23:30era, Elkargunean, 12 eta 17 urte bitarteko gazteentzat Disko Festa DJ Xabirekin, eta mozorro lehiaketa. Sariak egongo dira. Otsailak 18, larunbata. - 17:00etan, Azkoitiko Musika Bandaren kalejira. - 19:30ean, Txalkor txistulari taldearen kalejira. - 22:30ean, Azkoitiko Musika Bandaren kalejira. - 22:30ean, DJ Xabi herriko plazan. - 00:30ean, herriko plazan, mozorro lehiaketaren sari banaketa. Azpeitia Otsailak 16, osteguna. Ostegun gizena. - Afalostean, 22:00ak inguruan, Sanagustin kulturgunean, Eta Karmele? antzezlana. Otsailak 17, ostirala. - 18:30ean, Olazko Andre Mariaren plazatik irtenda, Euskal Inauterien Jaialdia, Azpeitiko Ikastola Ikasberriko ikasleak: joanldunak, zanpantzarrak, mamoxarrak, katilungorriak eta txatxoak. Otsailak 18, larunbata. - 22:00etan, Izarraitz pilotalekuan, eskuzko, erremonte eta zesta punta pilota partidak, Ilunpe Pilota Elkarteak antolatuta. - 22:30ean, Sanagustin kulturgunean, herriko musika bandarekin berbena-dantzaldia. Otsailak 19, igandea. Txikiteo Elegante Eguna. - 09:00etan, Izarraitz Txistulari Taldearekin goiz-eresia. - 11:00etan, goiz-eresia herriko musika bandarekin eta Biasteriko dultzaineroekin. - 12:00etan, XXXIII. Sokamuturraren Argazki Lehiaketa, Imanol Elias Saria. Azpeitiko Argazki Elkarteak antolatuta. - 12:30ean, eleganteen kalejira eta sokamuturra (Bergarako Zezenak ganadutegikoak). Kalejira Itsasi taldeko artzain-inudeekin eta danbor-jotzaileekin, eta Juan Antxieta Musika Eskolako musikariekin. Sansebasianetako karroza ere aterako dute aurten. - 13:00etan, Skandalue txarangaren kalejira. - 16:15ean, Izarraitz Txistulari taldea, Musika Banda eta Biasteriko dultzaineroak hainbat doinu joko dute, Plaza Txikian. Txistulariek sokamuturrean zezenak egiten duen ibilbidea egingo dute, txistuaren doinuaz zezenaren etorrera iragarriz. - 16:30ean, sokamuturra, Erdikaletik irtenda. 20:00ak arte kalerik kale ibiliko da zezena. Bergarako Zezenak ganadutegiko zezenak. - 19:30ean, Funky a l’olla talde zankodunaren kalejira. Otsailak 20, astelehena. Inauteri astelehena. - 10:00etan, goiz-eresia Izarraitz Txistulari Taldearekin. - 11:30ean, sokako zezena Erdikalean eta zezen txikiak eta poniak, herriko plazan. Zezen Beltz taldeak antolatuta. Anton Albizu ganadutegiko abereak. - 12:30ean, Herriko Banda Gaztea eta txilibiteroen kalejira. Hauekin batera, haur mozorrotuen desfilea, erraldoi eta buruhandiak eta Juan Antxieta musika eskolako trikitilariak. - 16:00etan, haurrentzako jolasak eta parkea, Olazko Andre Mariaren plazan. - 16:15ean, Izarraitz txistulari taldeak eta herriko musika bandak hainbat doinu joko dute, Plaza Txikian. - 16:30ean, sokamuturra Erdikaletik hasita. 20:00ak bitartean kalerik kale ibiliko dute zezena. Anton Albizu ganadutegiko zezenak. - 19:30ean, herriko musika bandaren kalejira. - 19:30etik 23:00etara, Gauerdi eta Urolatarrak txarangen eta Turutarra fanfarrearen kalejira. - 23:00etan, Itsasiko ttuntturroak eta helduen mozorro lehiaketaren hasiera. - 23:00etan, Los pasai txaranga eta Rockbox taldearen kalejira. - 01:30ean, Sanagustin kulturgunean, mozorro lehiaketa. Banakoetan: 1. saria 200 euro, 2. saria 150 euro eta 3. saria bi afari. Taldeetan: 1. saria 800 euro, 2. saria 700 euro, 3. saria 500 euro eta 4. saria afariak. Inauterietako giro onena duen tabernari sari berezia emango diote. Segidan, Sanagustinen disko-jartzaile emanaldia. Otsailak 21, asteartea. Inauterietako Asteartea. - 02:00etan, herriko plazan eta kaleetan, Rockbox eta Los Pasai txarangen emanaldia. - 06:15ean, musika bandaren goiz-eresia. - 06:45ean, zezenaren irteera Izarraitz txistulari taldeak eta Udal Musika Bandak girotuta. - 07:00etan, sokamuturra. Arno ganadutegiko zezenak. - 12:00etan, Azpeitiko Banda Gaztearen kalejira. - 16:00etan, haurrentzako jolasak eta parkeak, Olazko Andre Mariaren plazan. - 16:15ean, Plaza Txikian, Izarraitz txistulari taldea, Herriko Banda Gaztea eta Julian Barrenetxea Abesbatza - 16:30ean, sokamuturra. Arno ganadutegiko zezenak aterako dituzte. - 20:00etan, herriko plazan, suzko zezena. Errezil Otsailak 18, larunbata. Arratsaldez, inauteri festa. Toki Alai guraso elkarteak eta Akertxokok antolatuta. Getaria Otsailak 18, larunbata. - 12:30ean, mozorro poteo alaia. - 14:15ean, mozorro bazkari herrikoia, Berdura Plazan. Hara joateko txartelak udaletxean eta liburutegian eros daitezke, osteguna bitartean. - 17:00etan, herriko plazan, haurren mozorroen desfilea. Ondoren, sari banaketa; mozorro, kartel eta erakusleiho onenak sarituko dituzte. - 18:15ean, Keinu bat Euskal Herriko inauteriei emanaldia. Aurretik prestaketa, Harritarten. - 19:30ean, mozorroen kalejira Incansables txarangarekin. - 21:00etan, Balentziaga museoak antolatuta, Bal masque festa berreskuratuko du, eta afaria egingo dute museoan; 50 euroko prezioa du festak; sarrerak erosteko: www.ticktackticket.com. - 23:00etan, tabernetan, mozorro sarien banaketa: koadrila mozorro onena, bakarlari onena, bikote onena, originalena, umore onena eta zatarrena. Otsailak 19, igandea. - 12:30ean, Getariako musika bandarekin kalejira. - Gero, inauterietako kontzertua, musika bandaren eskutik. - Igandera bitartean, kartel lehiaketara aurkeztu diren lan guztien erakusketa, udaletxeko sarreran. Orio Otsailak 18, larunbata. - 13:00etan, tabernarien arteko lehiaketako epaileak pasatuko dira tabernetatik, eta hornidura dotoreena sarituko dute. Parte hartzeko izena emateko epea bihar amaituko da. -18:00etan, Bikamiotan desfilea hasiko da; geldiune bakoitzean inauterietako koreografia dantzatuko dute. Plazan, desfilearen amaiera. - Gero, inauterietako sari banaketa. Karroza onena, taldekakoak eta banakakoak. - Gero, razioen banaketa. Txartelak salgai kiroldegian, kultur etxean eta Salatxo tabernan, lau eurotan. - Gauean, Gozo-gozo taldea plazan. Zarautz Otsailak 18, larunbata. - 16:00etatik 18:00etara, Ginkana Erraldoia, zortzi urtetik gorakoentzat, Lege Zaharren enparantzan, Txipristin taldeak antolatuta. - 17:00etatik 20:30era, mozorro lehiaketa gaztelekuan, 12 eta 16 urte bitartekoei zuzenduta; gaia: teknologia berriak, WhtsApp eta Blackberry. Horrez gain, musika, askaria eta karaokea izango da. - 18:30ean, Musika Plazan makilaje saioa; Zurekin ostalarien elkarteko kideek aurpegia margotuko dute. - 18:30ean, Rockbox perkusio taldearen kalejira. Aldi berean, Musika Plazatik hasita, mozorrotutako kuadrilen kalejira, Zurekin elkarteak antolatuta. Aurretik Turismo Bulegoan edo egunean Txiki-polit tabernan izena ematea komeni da. - 20:15ean, sari banaketa, Musika Plazan. Kuadrilen arteko mozorro onenari eta tabernei emango dizkiete sariak. - 20:30etik 21:30era, Trakets taldearekin dantzaldia, Musika Plazan. - 20:30etik 00:00etara, Udaberri elkartean mozorro dantza. - 21:00etan, afaria egingo dute Vista Alegreko auzo elkartean. Norberak bere janaria eraman beharko du. - 22:30etik aurrera, dantzaldia Trakets taldearekin. - 23:00etan, 70eko hamarkadako abestien playback saioa Arrano tabernak antolatuta. Arranon eman behar da izena. - Ondoren, Arrano tabernak antolatuta, DJ Titanlux. Otsailak 19, igandea. - 11:00etatik 12:00etara, kalejira erraldoiekin, buruhandiekin eta Tximeletak fanfarrearekin. - 12:00etatik 14:00etara, Tximeletak fanfarrea kaleetan. - 17:00etatik 18:00etara, Hipo &Tomax pailazoen ikuskizuna izango da, Musika Plazan. - Ondoren, haurrentzako askaria. - Jarraian, Jau Jau taldearekin haur berbena. * Euria egiten badu, igandeko ekitaldiak Gaztelekuan izango dira. Zestoa Otsailak 17, ostirala. - 17:15ean, herriko banda txikia kaldereroz mozorrotuta irtengo da eta San Joan egoitzara jonago dira aurrena. Gero, kalejiran ibiliko dira. - 19:30ean, herriko plazan, banda txikiaren kontzertua. Otsailak 18, larunbata. Inauteri festa: txokolate-jana, haurren mozorro desfilea, txaranga... Otsailak 21, asteartea. Inauteri festa: merienda eta haurrentzako ikuskizuna. Zumaia Otsailak 17, ostirala. - Eguerdian, Beheko Plaza Abesbatzaren kalejira. - Arratsaldean, herriko ikastetxeetako haurren inauteri festa: kalejira herrigunean zehar eta amaiera Beheko Plazan. - 18:30ean, Musika Eskolaren inauterietako kalejira, ludotekarekin batera. - Ondoren, Mamu Festa. Otsailak 18, larunbata. - 12:00etan, Iraunkorrak txarangaren kalejira kaleetan. - 17:30ean, Beheko Plazan, Inauteri Mozorro Festa. - 18:00etan, haurren mozorro lehiaketa; lau sari: 0-8 urte bitarteko banakako eta taldeei, 8-16 urte bitarteko banakako eta taldeei. Lehiaketan parte hartzeko Alondegian 11:00etatik 12:00etara edo plazan 17:00etan eman daiteke izena. - 18:30ean, Iraunkorrak txarangarekin kalejira. - 19:30ean, heldu eta gazteen mozorro lehiaketa. Banakakoei, bikoteei eta taldeei banatuko dizkiete sariak. Lehiaketan parte hartzeko Alondegian 11:00etatik 12:00etara edo plazan 17:00etan eman daiteke izena. - 22:30eatik 01:00etara bitartean, Diskoteka Mozorrotua, Kofradian. Otsailak 19, igandea. - 14:00etan, Beheko Plaza Elkarteko bazkideentzat inauteri bazkaria. - Jarraian, Mozorro lehiaketa, elkartean. - 17:00etan, Aita Mari Antzokian, haur zinema: Vickie bikingoa. Otsailak 20, astelehena. - 15:00etan eta 17:30ean, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen emanaldia, Maria eta Jose aretoan. - 18:00etan, 9 eta 12 urte bitarteko haurrentzat inauteri festa, ludotekan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide