Zazpi urtez Udaberri Abesbatza gidatu ondoren, urte bukaeran bere kargua utzi zuen Manolo Urbietak. Orain, haren laguntzaile izan denak, Jesus Mari Silvanek (Zarautz, 1938), hartu du taldearen behin-behineko zuzendaritza. Musikarako zaletasuna familiatik datorkio. Aitak fiskornoa jotzen zuen musika bandan; anaiak tronboia; eta berak klarinetea. Azkenaldian, ordea, ahots-korden munduan dabil murgilduta; Udaberri Abesbatzan ez ezik, Zarautz Kantuan ere bai.
Udaberri Abesbatzako zuzendari lanak egiten hasi zara. Nola sortu zen aukera?
Manolo Urbietak ardura utziko zuela aurreikusten genuen, eta zuzendari bila hasi nintzen herrian, musika munduan aritutako jendeari proposatuz. Ateak jo ditudan arren, ez dut nahi duenik topatu. Abesbatzari jarraipena eman behar zitzaionez, nik neuk heldu diot. Horrek ez du esan nahi behin betikoz hartzen dudanik. Beste norbait animatuko balitz, eskuzabalik hartuko genuke taldean. Bitartean, eta ahal dudan arte, nik neuk hartu dut abesbatzaren zuzendaritza.
Beraz, jarduneko zuzendari bezala ekin diozu?
Urte berriarekin hasi nahi baldin bagenuen, abian jarri behar ginen. Egin ditugun kudeaketek ez dute fruitua eman, eta geldirik geratu beharrean, segida eman behar zitzaiola iruditzen zitzaidan. Beraz, erantzukizun guztiekin hartu dut kargua.
Ez al duzu zure burua abesbatza zuzentzeko gai ikusten, ala?
Zuzendari izateko gai sentitzen naiz, bai. Kontua da ni tenorra naizela, eta, orain arte bezala, abesten jarraitu nahi dudala. Abesbatzaren ardura hartuta, orain tenor bat gutxiago gara taldean. Gizonezkorik apenas dago, are gutxiago ahots onarekin. Alde horretatik, emakumezkoak errazago animatzen dira. Oro har, giro ona dugu taldean, eta giro horri eutsi nahi diogu. Taldekide guztiek jakin badakite Manoloren aldamenean ibili naizela beti, partiturak ordenatzen eta kudeaketak egiten batzordetik. Denean ibili naiz, egia esan.
Azken urteetan Manolo Urbietaren laguntzaile izanda, logikotzat ere jo daiteke zuk ordezkatzea, ezta?
Bai eta ez. Manolo Urbieta aparta da benetan. Edozein kanta ateratzeko sekulako erraztasuna du, eta musika nahi bezala egiten du. Ni bere ondoan egon naiz, bai; entseguetara ekartzen nuen, eta beti musika hizpide genuen. Bestalde, nik musika munduan murgilduta ibili naiz gaztetatik, eta solfeoa nahikoa dakit kanturako. Udaberri Abesbatza sortu artean geldirik egon nintzen, eta proiektu honekin berritu egin zait musikarako zaletasuna. Gainera, Manolorekin asko ikasi dut; batik bat, musikari letra aplikatzen. Hori ere ez baita koordinatzen erraza. Ez dakit ordezkapen logikoa den ala ez.
Erantzukizun handia eskatzen al du?
Beti da erantzukizun handia. Nik, egia esan, abesbatzaren atzealdean jarri, eta tenor gisa abesteko gogoa nuen. Abestera bakarrik mugatu, alegia. Baina, pena ematen zidan gidari gabe geratzea, eta Manolok berak ere animatu egin ninduen. Jakina, nik arazorik ez dut abesti batzuk prestatzeko, Manolok berak ere abestiz beteriko karpeta bat utzi baitzigun. Eskatuz gero, gehiago ekarriko dizkigu, ziur. Abesti gehienak ere euskaraz; aldian-aldian gaztelaniazkoren batzuk ere bai, Udaberrira denetariko jendea etortzen baita. Baina nik orain errepertorioa prestatu egin behar izaten dut. Ezin dut entsegura esku hutsik agertu: zer abestu behar dugun, aurretik abestia entzun, nola abestu behar duten azaldu…
Ez da lan makala.
Gure adinean are gehiago. Manolo haurrekin ohituta dago, eta haurrek burua argia izaten dute, fresko-fresko. Gure aldean, berehalakoan ikasten dute. Guri, gutxiago ala gehiago, kosta egiten zaigu; musikako nozio batzuk ditugunoi errazagoa egiten zaigu. Beraz, Manolorekin saioak oso gozoak izaten ziren. Gainera, pianoa jotzeaz gain, zuzendu egiten gintuen. Nik berak zehaztutako bidetik jarraitzen saiatuko naiz. Esan bezala, material ugari utzi digu, eta badugu zeregina.
Taldeak nola hartu zaitu?
Nik esan nien ez genuela zuzendaririk topatu, eta momentuan nik hartuko nuela gidaritza. Oraingoz, jende gehiena etortzen da,
eta seinale onena da hori. Jakin badakite, norbait etorriz gero berehala pasatuko nintzatekela haien aldera. Jakina, norbait animatuko balitz, nik neuk erakutsiko nioke nola funtzionatzen dugun, nola aritzen garen. Gero, berak aldaketak egin nahi baditu, inolako arazorik ez litzateke egongo. Bere dinamikara moldatuko ginateke.
Bien bitartean, zeintzuk dira zuen helburuak aurtengorako?
Iaz eskainitako emanaldiak ematea gustatuko litzaiguke, baina aurrekontu handirik ez dagoenez, ikusiko dugu zer egiten dugun. San Pelaio bezperan, esaterako, eguneko zentroko onuradunei kontzertua eskaintzen diegu urtero, eta gero hamaiketakoa egiten dugu. Ez dakigu horretarako dirurik izango dugun, ezta iaz egindako emanaldi zerrenda bera eskaini ahal izango dugun ere. Dena dela, urte osoko egitaraua dugu, eta betetzen saiatuko gara.
Santaeskean egin al zenuen debuta?
Udaberri Abesbatza zuzendu nuen lehen aldia zan zen, bai. Lehendik ere eginda nituen zuzendari lanak. Frantziskotarren 400. urteurrenean egin nuen debuta. Zarauzko hiru abesbatzek abestu genuen, eta Jaione Eskuderorekin eta Marina Lertxundirekin batera zuzendu nuen emanaldia. Bestalde, herriko gobernuz kanpoko erakundeek eskatuta ere eginda neukan zerbait. Baina, Manolok utzi zuenetik, santaeskekoa izan zen lehendabizikoa. Gainera, bertan izan genuen entzule bezala.
Eta proba gainditu al zenuen?
Bai, bai. Berak beti animatzen nau aurrera egitera.
Zarautz Kantuan ekimenean ere aritzen zara, ezta?
Hala da. Orain, talde gisa osatzen ari gara, udalaz kanpoko jarduera moduan; nolabait esateko, Pedro Ezeiza ari da guztia mugitzen. Udaleko teknikarien laguntzaz, estatutuak sortzen ari gara, ondoren Eusko Jaurlaritzara bidaltzeko. Udaberri Abesbatzan aritzen garen asko Zarautz Kantuanen abesten dugunez, abesti batzuk prestatzen ditugu gure entsegutan. Azken finean, aldez aurretik ikasita joateko.
Eta zer moduz doa?
Zarautz Kantuanek indar pixka bat badu. Hasieran hamabosteko talde bat hasten gara, baina bukaerako agian hogeitamar izaten gara. Esan didatenez, herri guztietan antzekoa gertatzen da. Gerora elkartzen zaigu jendea. Ez dakit txakolin batzuk hartuta errazago egiten zaien edo.