Euskal Herrirako jauzia egingo du bertsolari gazteen Erniarraitz Sariketak

Urola Kostako Hitza 2012ko otsailaren 15a

Bertsolari gazteen Erniarraitz Sariketa hazten ari da edizioz edizio. Aurten martxoan hasiko da txapelketa, eta Euskal Herrira hedatuko da. Erniarraitz Bertsozale Elkarteak bi urtetik behin antolatzen du sariketa, eta aurten seigarrena da. Hemezortzi bertsolarik hartuko dute parte; hamar gipuzkoarrak izango dira, eta zazpi Urola Kostakoak. Bina arabar, bizkaitar, nafar eta lapurtar lehiatuko dira haiekin.
Erniarraitz Sariketa 2002an antolatu zuten aurreneko aldiz, Urola Kostako bertsolari gazteei aukera emateko asmoarekin. Parte-hartzaileak aukeratzerakoan Urola Kosta eskualdeko bertsolariei lehentasuna ematen dietela dio Erniarraitzeko Jokin Urangak. «Guk sariketan parte hartzeko bertsolarien balizko zerrenda egiten dugu, eta hortik bailarakoak aukeratzen ditugu aurrena, eta ondoren kanpora begira hasten gara». Seigarren sariketa honetara Behe Nafarroatik eta Zuberoatik ez da bertsolaririk etorriko, baina ez da izango Erniarraitzekoak horretan saiatu ez direlako; hala diote.
Parte-hartzaile gehienak berta-bertakoak izango dira; azkoitiarrak hiru, Axier Garate Txibilter, Eneritz Artetxe eta Jokin Sudupe Pio; errezildarrak bi, Eneritz Arzallus eta Nekane Zinkunegi; Aitor Salegi zestoarra, eta Josu Oiarzabal Xenpelar azpeitiarra. Batzuk eskarmentua badute; esaterako, Zinkunegi aurreko edizioan finalera iritsi zen.
Sariketa bertsolari gazteei aukera emateko asmoz sortu zuten, eta oraingo honetan ere 25 urteko adin muga erreferentziala hartu dute kontutan Erniarraitzekoek.
Hemezortzi, seikoteka
Hemezortzi bertsolariak seiko hiru taldetan banatu dituzte, eta hiru kanporaketa jokatuko dira, hirurak ostiraletan. Aurrenekoa, Azpeitiko Sanagustin kulturgunean izango da, martxoaren 2an. Bigarrena, Errezilgo Borondegin jokatuko dute, martxoaren 9an. Eta hirugarren kanporaketa Azkoitiko Elkargunean, martxoaren 16an. Astebete geroago, martxoaren 23an, sariketako txapelduna erabakiko da, Azpeitiko gaztetxean finalean.
Finala, gaztetxean
Lehen Erniarraitz Sariketako finalak Soreasu antzoki zaharrean jokatu zituzten, baina azken urteetan Azpeitiko gaztetxean jokatzea tradizio bihurtu da. «Soreasu, Sanagustin... Beste areto batzuk ere badaude gaur egun finala antolatzeko modukoak, baina gaztetxekoak Erniarraitz Bertsozale Elkartearekin beti oso-oso ondo portatu izan dira, eta hor segitu nahi dugu. Gainera, nahiz eta beste lokal egoki batzuk egon lehengoak erabiltzeari ez diogu utzi behar», dio Jokin Urangak. Sariketako bertsolariak gazteak izanik gaztetxean gustura sentitzen direla ere esan du bertsozale elkartekoak. «Azken batean gune naturala bihurtzen da parte-hartzaileentzako ere, eta giro goxoa sortzen da bertan».
Finala ez ezik kanporaketako saioak epaitzeko lana egin beharko dutenak ere aukeratu dituzte. Epaimahaia Leire Ostolazak, Xabier Azpillagak, Juan Joxe Eizmendik eta Xorkun Uzkudunek osatuko dute.
Orain arteko Erniarraiz Sariketako txapela eskuratu duten bertsolariak hauek dira, edizioz edizio, eta hurrenez hurren: Nahikari Gabilondo zarauztarra, Jokin Uranga azpeitiarra, Iñaki Apalategi beasaindarra, Aitor Urbieta zaruztarra eta Alaia Martin oiartzuarra. Erniarraitzeko gazteen seigarren txapel handia nork eskuratuko duen martxoaren 23an ikusiko da.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide