«Bertsoak eder beza zure aurkikuntza»

Ane Olaizola 2012ko otsailaren 15a

Jendez goraino bete zen herenegun iluntzean Orioko San Nikolas eliza, Manuel Lasarte bertsolari eta idazleari azken agurra emateko. Bertan izan ziren senideak eta lagunak. Bertsolaritzako aurpegi ezagun asko ere joan ziren urte askotan Orioko bizilaguna izan zenari adio esatera, eta uneak eskatzen zuen moduan, bertsoekin agurtu zuten Lasarte. Andoni Egaña, Sebastian Lizaso, Patxi Etxeberria eta Ibai Esoain bertsolariek bertso bana abestu zuten hileta elizkizunean. Esoainek, esaterako, honako hitzak eskaini zizkion irakasle izan zuenari: Pakea ez al da ba espazio hutsa, ez du behar izena, epaia gorputza… Espero det abiatu zerala haruntza, bertsoak eder beza zure aurkikuntza. Gaztetxoa zela Orioko Herri Ikastolan izan zuen irakasle.  «Hastapenak» izan zituen haiek bertso munduan, Esoainek adierazi duenez. «Meritu handia zuen Lasartek. osasun eta adin horrekin gu bezalako mukizu batzuengana etortzeko», dio bertsolariak. Azken agurra, bertsotan 19:30ean hasi zen Lasarteren hileta elizkizuna. Mikel Mendizabalek, Iñaki Muruak, Aitor Mendiluzek eta Imanol Lazkanok sartu zuten hilkutxa eliza barrura. Maialen Lujanbiok eta Xabier Amurizak ere agurtu zuten eskola zaharreko maisua; azken honek, gainera, bertsoa eskaini zion Lasarteri hilerrian, lur eman zioten unean. Igandean hil zen Lasarte, 84 urterekin, Aretxabaletan. Bertako zahar etxe batean egin zituen azken urteak, izan ere. Leitzarra (Nafarroa) zen sortzez, eta bere jaioterriko lagunak ere gerturatu ziren Oriora herengun ilunztean; tartean, Iñaki Perurena harri-jasotzaile ohia eta aktorea, eta Abel Barriola pilotaria. Gaztetxo zela Aiara joan zen bizitzera bertsolaria, eta errementari lanetan aritu zen bertan. Baina Orion egin zituen urte gehienak. Hiltzen zenean ere Orion lur emateko eskatu zuen Lasartek bertso bidez; eta eskatu bezala eman zioten lur eskola zaharreko bertsolariari: bertsotan.   Bertsoaren errementaria Iritzia Xabier Sukia Bertsolaria eta kazetaria "Leitza, Aia eta Orio izan da zure trinitatea. Bertsogintza kolpez kolpe hotz-berotu eta kiribildutakoa zara. Bertsoari zeure zeurea izan den forma eman arte. Bertsoaldi bat ere halaxe da, biren edo gehiagoren artean, edo bakarrik landutako lehengaia. Orain borobildu, gero zorroztu, atzera luzatu... batek heldu besteak eman... zirt edo zart hartu behar erabakia. Behin botatako bertsoa ez dago aldatzerik, behin hoztutako burdina ere halaxe geratuko da. Gustatu ala ez. Zortziko txikian Habaneran kabitu ezin direnak esateko gaitasun horrek egin zaitu handi. Estuan eta motzean luze eta zabal aritzeko dohaiak. Bertsogintzako errementariaren azken kolpeak izan al dira hauek? Zure bastoiaren azken kax-kax hotsak izan al dira? Loretxu jatetxeko azken otordua? Orioko portura azken ibilaldia? Zure azken txotxa ezpainetan? Azken puru txikia? Azken agurra? 1986ko ekainaren batean egin zenuen zure azken plaza-saio ofiziala Anoetan (Anjel Mari Peñagarikano, Andoni Egaña eta Jose Migel Iztueta Lazkaotxiki izan zenituen kantu-lagun). Nik hamar urte egin nituen egun berean. Eta garaitsu hartan hasi zinen Orioko Herri Ikastolan guri bertsolaritza irakasten. Hirurogei urteko gizona hamar urteko gaztetxoei eskolak ematen? Zuk errimak eman guk bertsoa osatu. Zuk bukaera eman guk bertsoa osatu. Kantatu genion udaberriari, ontzari, egunsentiari, Oriori... Gogoratzen naiz nola oparitu zenigun bakoitzari zeure Gordean neuzkanak liburu bana. Nola kantatzen genuen etxean Haur txiki bat hil zaigu / hau da gure lana... Gogoratzen naiz nola esaten zenigun «bertsotan egin, baina ondokoari faltatu gabe». Gure koadernoko bertso idatzien oker bakoitzari gainean behatza nola jartzen zenion. Ume ginela herriko plazan abesten genuenean purua piztuta joaten omen zinen zure ikasleak entzutera. Gu ez ginen jabetzen baina. Medikuek burdina falta zenuela esaten zizutenean ere zuk broma egiten omen zenien «errementariaren etxean burdina falta!». Gogoratzen naiz Bikamiota aldean ikastolatik irten eta ardiak zaintzen nituen garaian zenbat kontu esaten zenizkidan. Bazen han alpapa soro bat ardiek ikaragarri maite zutena, eta mugarriak zaindu egin behar! Gogoratzen naiz ardiek muga pasatzen zuten aldiro bastoia gora nola altxatzen zenien eta hauek nola egiten zuten atzera! Behin, eskubaloiko entrenamentua nuela eta, nola esan zenidan «segi lasai, nik zainduko dizkiat ardiak». Besteen ardiak zaintzen dituen artzainak ardiak maite ditu. Zerorrek esana da «burua artoalerik gabe geratzen ari zait». Ale ederrak utzi dizkiozu ba Euskal Herriari. Gure oroimenaren askan geratuko diren aleak. Bazka gozoa memoria galdu nahi ez duenarentzat. Lehengo itxuarena Lasarte, ikusi arte! Edo Xabier Amurizak hilerrian abestu zizun bezala, zeure izenaren eta lurraren azpian atseden zaite / geu joan arte edo agian zeu berriz itzuli arte.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide