Sanjuandegin badute auzo lokal berritua: Iluntze

Urola Kostako Hitza 2012ko otsailaren 14a

 Joan den ostiralean ireki zuten Sanjuandegiko Iluntze auzo lokala. Lehen Bodega zegoen lokalean ireki dute auzotarren bilgunea. Xanjuandegi Auzolanean taldeak berritu egin du txokoa, eta joan den ostiralean hogei lagun inguruk hartu zuten parte irekiera ekitaldian; tartean, Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak. Lokalak izan duen harrerarekin gustura daude Xanjuandegi Auzolanean taldeko kideak. «Jende askok hartu zuen parte irekieran; bi orduan sartu-irtenean jende asko ibili zen ostiralean». Orain dela urte batzuk Xanjuandegiko Festa Batzordeak auzoko festak antolatzeko lokal baten beharra antzeman zuen, eta hala hainbat aukera aztertzen hasi zen. Batean eta bestean ibili ziren, eta 2008an Xanjuandegi Auzolanean sortu zuten. Egoerak ezin zuela bere horretan jarraitu erabaki zuten kideek, eta lokal propioa aldarrikatzen hasi ziren auzotarrak. Hala, 2009an lokala eskatuz 350 sinadura bildu zituzten, eta 2010eko martxoan Sanjuandegiko Bodega zaharra alokatu zuten. Lokalaren alokairua hasieran auzotarrek poltxikotik dirua jarrita ordaindu zuten, eta segidan festetan ateratako diruarekin ordaintzen jarraitu zuten. Gaur egun, udalak lokalaren gastu batzuk ordaintzeko diru-laguntza ematen die Sanjuandegikoei. Egoitza irekia Herritar eta auzotar guztiei «irekita» dagoen lokala dela diote Xanjuandegi Auzolaneanekoek. «Nahi dutenek bertan askotariko ekimenak egin eta antolatzeko aukera dute». Lokalaren funtzionamendu araudia zehaztuta dute Xanjuandegi Auzolaneanekoek, baina jasotzen dituzten proposamenak kontuan hartuta «fintzen» joateko asmoa dute. Lokala erabiltzeko, berriz, aurrez tokia hartu beharko da, eta horretarako telefono zenbaki bat jarri dute, 645-47 17 00 da. Bertara deitu eta erreserba egin beharko da aurrez. Dagoeneko egutegia betetzen hasi dira, eta hil honen bukaera bitarterako hainbat ekimen dute aurreikusita, Iluntze Sanjuandegiko auzo lokalean. Ostiral honetarako antzerkia prestatu dute; 21:30etik aurrera, izango da antzerkia, kafeaz eta pastez lagunduta. Bertan, Ane Arenasek eta Erika Olaizolak Eguzkilore antzeztuko dute, eta Iñigo Antsorregik eta Ander Azurmendik Irakasleak lana.Otsailaren 23an, 19:00etan, Urrutiko kontuek ekimena izango da Iluntzen. Festak antolatzeko bilera Iluntzen biharko Sanjuandegiko festak antolatzeko bilera ere antolatu dute. 20:30ean hasiko dute festetako batzarra Xanjuandegi Auzolanean ekimenekoek. Dagoeneko hilabete inguru da auzoko festak antolatzeko lanekin hasi zirela Sanjuandegin. Festak antolatzeko ekimenetan parte hartu nahi duten guztiak bilerara azaltzera animatu dituzte.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide