Jaurlaritzako Lan Sailak atzera bota du Zelaik aurkeztu duen txostena

Ane Olaizola 2012ko otsailaren 14a

Zumaiako Zelai hoteleko zuzendaritzak astegunetan %100eko LET Lan Erregulazio Txostena aplikatzeko eskaera aurkeztu du Eusko Jaurlaritzako Lan Sailean, Donostian. Zelaiko ELA sindikatuko ordezkari Zigor Gazpiok  Urola Kostako Hitza-ri adierazi dioenez, patronalak neurria «ezinbestean» hartu behar izan duela argudiatuta egin du eskaera, eta Gazpioren arabera, Lan Delegaritzak atzera bota du. Beraz, zuzendaritzak berriz abiatu beharko du prozesua, bestelako eskaera bat eginez, Lan Sailak oniritzia emango badio. Zelai hoteleko langileek greba hasi zuten pasa zen ostiralean, zuzendaritzak aurreikusten dituzten kaleratzeak salatzeko. Abuztutik hamahiru lankide kaleratu dituztela salatu dute beharginek. Horietatik bi, gainera, pasa den ostiralean kaleratu zituzten, langileek greba hasi ondoren. Zelai hoteleko 20 langilek otsaileko hiru asteburuetan egingo dituzte lanuztea, ostiraletik igandera bitartean. Astebururako zen lehenengo grebaldia, baina ELAko delegatuak adierazi duenez, enpresako zuzendaritzak itxiera patronalarekin erantzun dio protestari. Hori hala, enpresa itxita egon da pasa den asteburuan. Zelaiko langile azpikontratatuek ez dute bat egin grebarekin, eta enpresa itxi ezean, horrek «hotelaren funtzionamendua okertuko» zuela argudiatu du zuzendaritzak, Gazpioren arabera. Itxiera patronalaren aurrean, langileek salaketa jarri dute Eusko Jaurlaritzako Lan Delegaritzan eta Donostiako lan-ikuskaritzan eta epaitegian, «itxiera patronalak grebarako eskubideak urratzen dituelako». Langileek ez dute argitu hurrengo asteburuan ere zuzendaritzak itxiera patronala ezarriko duen. Horren harira, pasa zen asteburuan manifestazioa egin zuten enpresako hainbat langilek Zumaiako kaleetan zehar. Greba egitea gure eskubidea da aldarrikatu zuten, besteak beste. Atzo, berriz, lantokira itzuli ziren langileak. Hoteleko ELAko delegatuaren arabera, eguneroko lanera mugatu ziren langileak atzokoan, «asteburura begirako erreserbarik ezin baitute hartu». Abuztutik hamahiru kaleratu Iazko abuztutik abendura bitartean bederatzi langile kaleratu zituzten. Pasa zen hilean, berriz, beste bost kaleratzen proposatu zituztela jakinarazi dute langileek, eta azkenean horietatik lau geratu dira lanik gabe. Azkeneko bi kaleratzeak izan ezik, beste guztiak hoteleko sukaldariak eta zerbitzariak izan direla argitu du Gazpiok. Izan ere, pasa zen ostiralean kaleratutako bi beharginak talasoterapia zentrokoak dira.  «Egun lanean diharduten sukaldariak eta zerbitzariak azpikontratatuak dira. Ez daude langile gutxiago, baina postu finkoak izatetik aldi baterakoak izatera igaro gara», dio langileak. Horren aurrean, langileek uste dute «zuzendaritzak langile guztiekin modu berean jokatuko duela», Hori hala, «langile kopurua baino lan duina dago soberan», zuzendaritzarentzat Gazpioren arabera. Langileek adierazi dute kaleratzeen ordez Lan Erregulazio Txostena martxan jartzea proposatu ziotela zuzendaritzari. «Neguko hilabeteetan Lan Erregulazio Txostena ezartzea proposatu genion, uda partean guztiontzat lana soberan egongo delako». Hori eskatuta ere, kaleratzeak izan direla adierazi dute langileek. Zentzu horretan, ados jartzerakoan «zuzendaritzaren borondate falta» salatu dute. Urola Kostako Hitza egunkaria Zumaiako Zelai hoteleko kudeatzailearekin harremanetan jartzen saiatu da, zuzendaritzaren iritzia jasotzeko asmoz, baina ez du aukerarik izan harekin hitz egiteko.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide