
Ehunka lagunek hartu dute parte Joxe Mari Perez Txuri preso zarauztarraren etxeratzea aldarrikatzeko manifestazioan. 25 urte darama espetxean, 2008an kaleratu behar bazuten ere. 1997/2006 doktrina medio dute oraindik giltzapean.
Foruen Plazatik abiatu da protesta, arratsaldeko seiak inguruan. Handik Musika Plazarantz jo dute, Barren Plaza igaro, eta Azken Porturaino, trenbide azpitik pasata, Txuri etxera, Euskal presoak kalera, Amnistiarik gabe, bakerik ez, eta gisako aldarriak oihukatuz. Mundo Mejorren, Txuri-ren amaren etxe parean, geldialdia egin dute. Presoaren ama, Isidra Diaz, leihoan zen, eta txalo zaparrada eskaini ostean, abestu egin diote bildutakoek. Handik, Araba kalean barrena, Poligonotik, trenbide azpitik pasa, Gipuzkoa kalea hartu eta handik Nafarroa kalerako bidea hartu dute. Musika Plazan amaitu dute manifestazioa. Ibilbidearen azken zatia ilunpetan egin dute, argia joan baita Alde Zaharrean.
Musika Plazan Txuri-ren arreba Pili Perezek hartu du hitza. Gaur izan dira anaia bisitatzen, eta “osasunez pattal, normala den bezala, baina animatuta” dagoela jakinarazi du. Ospitalea utzi, eta bere ziegan da berriz zarauztarra. Izan ere, bihotzekoa izan zuen aurreko asteko ostegunean.
Azken berrien ostean, Zarautzbidean ekimeneko bozeramaile batek egin ditu adierazpenak. Parot doktrina dela medio, euskal preso politikoen kolektiboa gero eta zaharragoa dela gogorarazi du, eta haien osasun egoera txarrari egin dio erreferentzia. Egoera politiko berrian euskal presoen paperak duen garrantzia nabarmendu du. “Aurrera egin dezagun, euskal presoek asko dute esateko eta egiteko”. Bide beretik, presoen aldeko ekimenetan parte hartzeko eskatu die bildutakoei. Eta txaloak eskatu ditu Txuri, Ekaitz Sirvent, Iraitz Gesalaga Tximas, Aritz Labiano Labi eta Haritz Gartxotenea Zaporra preso zarauztarren guraso eta senideentzat.
