Zelai hoteleko langileek protesta egin dute Zumaian barrena

Urola Kostako Hitza 2012ko otsailaren 11

Zumaiako Zelai hoteleko langileek protesta egin dute herrian barrena eguerdian, zuzendaritzaren jarrera salatzeko. "Greba egitea gure eskubidea da!", oihukatu dute, besteak beste. Zumaiako Zelai hoteleko langileek greba hasi dute gaur; langileek salatu dute pasa zen abuztutik 11 langile kaleratu dituztela, eta horren kontra egingo dituzte lanuzteak. Otsaileko hiru asteburutan egingo dute greba hoteleko 20 langilek, ostiraletik igandera bitartean. Hala ere, Zigor Gazpio ELA sindikatuko delegatuak adierazi duenez, enpresako zuzendaritzak itxiera patronalarekin erantzun dio grebari; hori hala, enpresa itxi egingo dute aurreikusita zeuden hiru asteburuetan. Honen aurrean, langileek salaketa jarri dute Eusko Jaurlaritzako Lan Delegaritzan eta Donostiako lan-ikuskaritzan eta epaitegian, “itxiera patronalak grebarako eskubideak urratzen dituelako”.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide