
"Ni ere han izan nintzen". Hori adierazteko prest daudenen sinadurak bilduko dituzte Zumaian, 2008ko uztailaren 7an Erkibe etxean identifikatu zituzten hamar lagunei babesa adierazteko. "Hori da logikoena. Hamar identifikatu zituzten, baina beste edozein egunetan ehunka izan gintezkeen. Ehunka gazte izan ginen bertan, eta ez dugu onartuko momentu jakin batean identifikatu zituzten hamar gazte hauek bakarrik sentitzea. Haiekin gaude, gu ere han izan ginelako, eta, beraz, gu ere epaituak garelako", aldarrikatu dute eguerdian emandako prentsaurrekoan. Erribera kalean jarriko dute elkartasun mahaia, astebururo, santelmoak bitartean, eta diru-laguntza ere jasoko dute, bono bidez.

2008ko uztailaren 7an ehundik gora gaztek Erkibe etxea okupatu zuten (bideoan), gaztetxe baten premia aldarrikatzeko. Handik lau egunera, ertzainak eraikinean sartu eta bertan ziren hamar gazte identifikatu zituzten. Zelaia familia da eraikinaren jabea, eta bi salaketa jarri zituen: bata okupazioagatik; bestea, eraikinari egindako kalteengatik. Hiru urte eta erdi geroago, epaiketa gainean dute hamar gazteek, eta 80.000 euroko isuna eskatzen dute haien aurka.
"Nola da posible, gaztetxea okupatu eta lau egunera identifikatuak izan ziren gazte hauek 80.000 euroko kalteak egitea? Sekulako astakeria da", adierazi dute bozeramaileek dozenaka zumaiarren aurrean. "Herri osoak daki Erkibe etxea hutsik eta erdi erorita egon dela azken urteetan. Baita bere lorategiak izan duen itxura eskasa eta zikintasuna nolakoak diren ere. Eta gaztetxea bertan izan zen denboran, egitekotan etxea eta bere inguruak txukundu egin ziren, inolaz ere ez kaltetu".