Landaburu: «Ez didate mihia moztu»

Zarauzko Hitza 2012ko ots. 10a, 06:00

«Begi batetik itsu laga naute, eskurik gabe eta orbainez beteta, baina ez didate mihia moztu», deklaratu zuen Gorka Landaburu kazetariak atzoko saioan. Atzo hasi zuten, hain zuzen, zarauztarrak 2001ean jasandako atentatuaren inguruko epaiketa, Espainiako Auzitegi Nazionalean. Patxi Xabier Makazaga Ander eta Oskarbi Jauregi eseri zituzten akusatuen aulkian, baina ez zuten deklaratu nahi izan,ezta defentsak eginiko galderei erantzun ere. Akusatuek ez zutela deklaratuko ikusita, zarauztarrak berak hartu zuen hitza, eta ETAk bere jardunarekin ez duela «Euskal Herriaren aldeko lana etetea lortuko» nabarmendu zuen. «Nire gurasoek hemendik alde egin behar izan zuten. Nik, ordea, ez dut Zarautz utziko; ez dute lortuko», gehitu zuen. Ildo horretatik, «Euskadiren askatasunaren eta bakearen alde lanean» jarraituko dutela gaineratu zuen. Hala, «aurrera begiratzeko» asmoa duela gaineratu zuen, «baina atzerako ispilutik bista kendu gabe». Saioa hasi aurretik, «lasai» zegoela jakinarazi zuen, baina «une txarrak» pasatu dituela ahaztu gabe. «Aurrera egin beharra dago, baina gertatutakoak ahaztu gabe. Orain garrantzitsuena erantzuleek egindakoagatik ordaindu beharrekoa ordaintzea da». Horrez gain, gorrotoak eta ezinikusiak ez duela onik egiten gehitu zuen, eta justizia, erreparazioa eta memoria aldarrikatu. Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskal Luis Barrosok 23 urteko kartzela zigorra eskatu du Makazaga eta Jauregirentzat, eta 35.000 euroko kalte-ordaina. Gaur jarraituko du epaiketak. Leherketa, 2001ean Landaburuk [...]


«Begi batetik itsu laga naute, eskurik gabe eta orbainez beteta, baina ez didate mihia moztu», deklaratu zuen Gorka Landaburu kazetariak atzoko saioan. Atzo hasi zuten, hain zuzen, zarauztarrak 2001ean jasandako atentatuaren inguruko epaiketa, Espainiako Auzitegi Nazionalean. Patxi Xabier Makazaga Ander eta Oskarbi Jauregi eseri zituzten akusatuen aulkian, baina ez zuten deklaratu nahi izan,ezta defentsak eginiko galderei erantzun ere.
Akusatuek ez zutela deklaratuko ikusita, zarauztarrak berak hartu zuen hitza, eta ETAk bere jardunarekin ez duela «Euskal Herriaren aldeko lana etetea lortuko» nabarmendu zuen. «Nire gurasoek hemendik alde egin behar izan zuten. Nik, ordea, ez dut Zarautz utziko; ez dute lortuko», gehitu zuen. Ildo horretatik, «Euskadiren askatasunaren eta bakearen alde lanean» jarraituko dutela gaineratu zuen.
Hala, «aurrera begiratzeko» asmoa duela gaineratu zuen, «baina atzerako ispilutik bista kendu gabe». Saioa hasi aurretik, «lasai» zegoela jakinarazi zuen, baina «une txarrak» pasatu dituela ahaztu gabe. «Aurrera egin beharra dago, baina gertatutakoak ahaztu gabe. Orain garrantzitsuena erantzuleek egindakoagatik ordaindu beharrekoa ordaintzea da». Horrez gain, gorrotoak eta ezinikusiak ez duela onik egiten gehitu zuen, eta justizia, erreparazioa eta memoria aldarrikatu.
Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskal Luis Barrosok 23 urteko kartzela zigorra eskatu du Makazaga eta Jauregirentzat, eta 35.000 euroko kalte-ordaina. Gaur jarraituko du epaiketak.
Leherketa, 2001ean
Landaburuk bonba-pakete bat jaso zuen Zarauzko etxean 2001eko maiatzaren 15ean. Etxeko bulegoan zegoela ireki zuen paketea. Bertan, 50-100 gramo titadym dinamita inguru zeuden. Leherketaren ondorioz esku bateko lau behatzak galdu zituen. Eztandak sabelean zein aurpegian zauriak eragin zizkioten, gainera. Ondorioz, kazetari zarauztarrak 319 egunez jaso zituen mediku zaintzak, eta bost operazio kirurgiko egin zizkioten. Behin betiko ezintasuna jaso zuen, gerora.
Atentatuaz gain, bestelako
erasoak ere jaso dituela salatu du zarauztarrek: «ETA nire kontra zegoen. Hainbatetan bota dituzte molotov koktelak eta harriak
nire etxera, baita ituakedo dianak marraztu ere».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide