«Gu gazteok gaur gabiltza / mundu galdu honetan, / gerra bat barruan degula / zer egin jakin gabe». Benito Lertxundiren abestietako bat da Gure bide galduak, orain Dejabu Panpin Laborategiak bere eginda antzezlan bihurtu duena. Errealismo magikoz zipriztinduta, Franco hil ondorengo lehen urteak ekarriko dituzte gaur Lizardi antzokiko taula gainera, 22:00etan; sarrerak 5 eurotan eros daitezke. «Aldaketa garai horretako ilusioa ekarri nahi dugu gogora. Aldi hartako gizartea islatu, eta gaur egunera ekarri nahi izan dugu», aditzera eman du Dejabuko kide Urko Redondok. Oro har, utopiari, ametsei eta desenkantuari buruzko balada da Gure bide galduak.
Garai nahasiak
Baserri girotik hirira doan neska baten bizipenak ditu abiapuntu antzezlanak. Kattalin da istorioko protagonista. Donostian magisteritza ikasteko asmoz, Nafarroako herri txiki batetik Errenteriako osabaren etxera joango da. Garai nahasiak dira Euskal Herrian, aldaketa ekonomiko eta politiko sakonen urteak. Herri asko eta asko fabrika erraldoiez josita daude, eta langileen eta patroien arteko liskarrak ohiko bihurtu dira. Zurrunbilo horretan, Kattalinek Ikastolen mugimenduarekin egingo du topo, eta, haren bidez, mundu berri bat deskubrituko du: lagun berriak, maitasuna, borroka, ideologia…
Hogeita hamabost urte inguru atzera egiten du Dejabu antzerki taldeak. Dena dela, ordungo egoera ekonomiko-politikoa oraingoarekin aldera daiteke. Hausnartu dituzten gaiak oso egungoak direla adierazi du Redondok: «Horrela iruditzen zitzaigun. Antzezlana sortzetik bukatu dugun arte, are eta gehiago aldatu dira gauzak. Badirudi ordungo egoerak berriz bizitzen ari garela: lan baldintzak jasaten ari diren aldaketa gogorrak; sindikatuak berpizteko beharra; kultura bizitzeko moduak; egoera politikoa…».
Istorioa Dejabu Panpin Laborategiko kideek sortu dute, nahiz eta beste belaunaldi batekoak izan. «Gu garai horretan jaio ginen, baldin eta jaio baginen, eta jaso dugun testigantza beste pertsona batzuen esperientzietan oinarritutakoa da. Edonola ere, antzerkia guk geuk egiten dugu, eta, azken finean, gure gauzez ere hitz egiten dugula iruditzen zait. Iraganaz hitz egiten dugun arren, gutaz ere hitz egiten ari gara».
Komedia eta tragedia
Printzipioz, kontakizun dramatiko bat dirudi. Hala ere, konpainiaren antzerki-lengoaia txotxongiloekin lotuta dago, eta hori agerian geratzen da. Era berean, Gure bide galduak komedia puntua duen lana da, tarteka tragediarantz jotzen duena. «Ez nuke esango tratamendu jakin baten barruan sartzen dugunik. Gauzak kontatzeko eta bizitzeko modu berezia du, eta horrela hartzen du forma antzezlanak».
Bost aktore igoko dira agertokira: Miren Alkala, Iñigo Aranbarri, Maria Alonso, Ainara Gurrutxaga eta Urko Redondo bera. Boskoteak, halaber, Arantxa Vicedo musikaria izango du bidaide. Abeslaria eta gitarra-jotzailea da, eta berak landu ditu antzezlaneko doinu guztiak. Ondorioz, musika oso presente egongo da antzezlan osoan.
«Kontakizuna asko oinarritzen da mugimenduan. Testuak garrantzia handia du, baina abiapuntuak mugimenduak izan dira, eta musikak ere berebiziko garrantzia hartu du. Beste aktore edo narratzaile bat gehiago da istorio honetan», nabarmendu nahi izan du Redondok.
Fitxa teknikoa
-Antzezlana.
Gure bide galduak.
-Zuzendaritza.
Dejabu Panpin Laborategia.
-Antzezle taldea.
Miren Alkala, Iñigo Aranbarri, Maria Alonso, Urko Redondo eta Ainara Gurrutxaga.
-Musikaria. Arantxa Vicedo abeslaria eta gitarra-jotzailea.
-Iraupena. 70 minutu.
-Webgunea.
gurebidegalduak.blogspot.com
