
Eusko Jaurlaritzaren Europan 11 Programa ideia lehiaketaren saridunak jakinarazi zituzten atzo. Jose Luis Parra, Jose Manuel Calvo del Olmo eta Guillermo Gosalbok osatutako Eskailera kanpotarra proiektuak irabazi du saria.
Lehiaketara aurkeztu diren arkitektu gazteek Getariako Potzuaga Gaina eremua aztertu dute. 28 hektareatan etxebizitza babestuak eraikiko dituzte. Egitasmo horretatik abiatuz diseinatu dute urbanizazioa. Gazteek proiektua «jasangarria» dela, eta herriaren «izaera turistiko eta ekonomikora» egokitzen dela nabarmendu dute. Proiektua Potzuaga Gaineko ezaugarri topografikoekin bat datorrela ere gaineratu dute hiru gazteek. Izan ere, eremua aldapatsua da, eta «ikuspegi ederrak» eskaintzen ditu. Proposatutako eraikinak hiru solairu ditu, eta eremuko malda aprobetxatuz, lehenengo bi solairuetara lurreko kota naturaletik sartzea proposatzen du.
Ingurumena ere hartu dute kontuan. Ahalik eta eremu natural gehiena mantendu dute, eta ibilgailuak «bigarren mailan utzi» eta oinezkoentzako lekuak lehenetsi dituzte. Zentzu horretan, eremu publikoek garrantzia berezia izango dutela adierazi dute. «Gizarte aldaketekin bat datorren arkitektura behar dugu», diote gazteek. Hala, elkarbizitza sustatzeko partekatutako hainbat eremu finkatu dituzte. Egungo familia ereduak eta bizi estiloak aintzat hartuko ditu urbanizazioak. «Familia ereduak eta horien harremanak aztertu ditugu, eta ohiko etxebizitza ereduetatik harago, aukera asko ematen ditu etxebizitzak». Horregatik jarri diote proiektuari Eskailera kanpotarra edo eskailera arrotza izena. Izan ere, eraikineko eremuak eskaileraren bidez «bana» daitezke, «familiako harremanen edo egoeraren arabera»; hala, solairuetara joateko eskailera giltzez itxi daiteke, eta, besteak beste, «alokagai» jartzeko aukera emango luke jabeak.
Irabazleen proiektua osorik edo zati batean gauzatu daiteke; Nika Lertxundi Getariako alkateak ez du argitu egitasmoa zenbateraino egingo duten, aurretik proiektua «hausnartu» beharra dagoelako.
Getarian 56 proposamen
Lehiaketan Europako 17 herrialdek hartu dute parte, eta Eusko Jaurlaritzak. Ignacio de la Puertak jakinarazi du hirigintzako 56 proposamen jaso dituela Getariak. Hautaketa prozesuaren ondoren, Oslon finalistak aukeratu zituzten.