Arkularia da Johnny Tamayo 2007tik. Hainbat sari irabazi du, eta Euskal Herri mailako lehietan puntan dabil. 2010ean eta 2011n euskal ligako txapelketan urrezko domina lortu zuen, eta Euskadiko txapelketan, berriz, zilarrezkoa, bi urteetan. Oñatiko San Miguel Sarian ere bi urteetan urrezko domina eskuratu zuen. Espainiako txapelketan ere izan zen 2010ean, euskal selekzioarekin, eta bosgarren postua eskuratu zuten. Iaz ezin izan zen lehiatu, lanagatik, nahiz eta «ongi prestatuta» zegoen. Iaz nazioarteko Messanges saria ere jokatu zuen Frantzian, eta zilarra lortu zuen. Urtarrilean Gipuzkoako txapelketa irabazi zuen. Entrenatzera Ordiziara joaten da astebururo, baina neguan Zestoa inguruan prestatzeko leku bat behar izaten du, eta ez da erraza.
Zein izan da lortu duzun azken garaipena?
Duela pare bat, asteburuan hiru txapelketa batera egokitu ziren. Euragatik, bi bertan behera geratu eta batera jokatu ziren probak. Hortaz, Donostiako saria, Gipuzkoako txapelketa, eta Euskadiko ligarentzako puntuagarria zen proba bat jokatu ziren saio bakarrean. Donostiako txapelketa irekia da, eta Arabako jendea, Nafarroakoa eta Burgoskoa ere etorri zen. Jende horren artean neu suertatu nintzen irabazle. Beraz, hirurak irabazi nituen.
Noiztik lehiatzen zara txapelketetan?
2007an heldu nion arkuari, eta orduan hasi nintzen txapelketatan parte hartzen. 2007tik 2010era prestatu egin nintzen, maila altuagoko txapelketetan parte hartzeko. Beti izan naiz oso metodikoa; batzutan gehiagi, agian. Beti saiatu naiz helmuga txiki batzuetara heltzen. Hala, urtero mailatxo bat igotzen saiatzen naiz. Euskal Herri eta estatu mailan sarri ibiltzen naiz, eta Frantziara ere joan izan naiz, bertako maila, erabiltzen dituzten materialak, eta abar aztertzera. Ikerketa moduko bat dela esan daiteke. Hori guztia, arkuko 3D modalitatean.
Ze berezitasun dute 3D modalitateko txapelketek?
Animalia silueta batzuk izaten ditugu mendian, geziz jotzeko. Hogei aukera izaten ditugu ibilbidean. Mendian zehar ibiltzen gara, eta epai-mahaiko kideak ere ondoan izaten ditugu. Minutu bat izaten dugu animalia non dagoen ikusi, haren eta gure arteko tartea neurtu, eta eguraldia eta bestelako baldintzak kontuan hartuta tiroa nola bota behar dugun kalkulatu ahal izateko. Ituekin ed dianekin izaten diren txapelketetan ez da inongo oztoporik izaten, baina basoan hostoak, adarrak, zuhaitzen enborrak… Traba asko egoten dira. Beraz, geziak egin behar duen parabola, haizeak nora eramango duen, hori guztia kalkulatu behar da minutu bakar batean. Baldintzen arabera, gezia bihotzean sartzeko akaso ipurdira apuntatu behar izaten da. Minutu batean bi gezi bota behar izaten dira bi tokitatik.
Zein arko mota erabiltzen duzu?
Nik arku librea praktikatzen dut. Lau dira dauden modalitateak. Batetik, longbow arkua, klasiko-klasikoa, Robin Hoodek erabiltzen zuena, esango genuke. Bigarrenik, arku kurbatua dago; bestearen antzekoa da, ez du inongo mirarik eta inongo gauzarik; harekin senarekin egiten da tiro, neurri batean. Arku mekanikoa ere badago, hirugarrena. Nik erabiltzen dudanaren material berekoa da, baina ez du apuntatzeko inongo tresnarik. Eta laugarrena arku librea da, nik erabiltzen dudana. Egonkorgailua, eta hainbat tresna izaten du. Karbono zuntzezkoa da, bisorea du, erregelak… Nahiko ikusgarria da.
Eguraldiak asko baldintzatzen al ditu txapelketak?
Bai. Gaur [herenegun, elurra ari zuen] bezalako eguraldiarekin parte hartu izan dut txapelketatan. Egun bat eta ordu bat egoten da; hara azaldu eta txingorra ez bada, euria, euria ez bada izugarrizko elurtea… Horren arabera erregulatu behar da arkua, tiroa zuzen botatzeko.
Fisikoki ongi prestatuta egon behar al da?
Indarra beharrezkoa da; ezin da hori ukatu. Izan ere, arkuaren pitari tira egitea 27 kilo jasotzea bezala da. Eta behin atzera egindakoan, hamabi edo hamabost kilori eustea bezala da. Baina hasierako hori kosta egiten da. Beraz, hamabost bat tiro egin dituzunean nekatzen hasten zara. Pultsua ere ona izan behar da, mugi ez dadin. Txapelketatan hasi nintzenean, albokoaren kontra jokatzen saiatzen nintzen, baina konturatu nintzen norbera bere buruarekin lehiatu behar dela, albokoarekin ahaztuta. Oreka handia behar da gorputzean, baina baita buruko oreka ere. Fisikoki zezen bat bezala egon zintezke, baina orekari eutsi behar diozu. Eta buruak zerikusi handia du horrekin.
Non entrenatzen zara?
Ordiziako klubeko kidea naizenez, astebukaeratan hara joaten naiz. 95 bat kide gara, eta txapelketatan 20 bat lagunek hartzen dugu parte.
Astegunean entrenatzeko, ordea, arazoak izaten ditut tokia topatzeko. Negurako Azpeitiko Iraurgi Ikastetxeko gimnasioa utzi zidaten, eta bertan prestatu izan naiz. Zestoako kiroldegian ere saiatu izan naiz, baina beti zerbait egoten da; eskubaloia edo saskibaloia dela, beti hartuta egoten da. Entrenatzeko lekua eskatu diot Zestoako Udalari. Bestela, uda partean, Sastarrain aldean jarduten dut. Andoni Barrosok lur zati bat utzi zidan, eta hango entrenamenduari esker puntuazioa nabarmen hobetu nuen. Zaldi baten eta asto baten artean aritzen naiz askotan, eta hor ibiltzen naiz, haiek bidali nahian [kar kar]. Baina eguraldi txarrarekin hara joatea zoroarena egitea da.
Zestoan bertan entrenatzeko tokia edukitzea gustatuko litzaidake. Amorrua ematen dit zestoarra izan, eta Azpeitira etorri beharrak. Hori bai, Iraurgi bezalako ikastetxe batek ateak irekitzea zoragarria da.
Ehizean inoiz ibili al zara horrekin?
Egin izan dut. Gaztela eta Leonen (Espainia) aritzeko lizentzia
atera nuen, eta Ordiziako klubeko lagun batzuekin batera barruti batera joan nintzen. Sail bat ordaindu genuen, eta harrapatu genuen animaliaren bat.
Konplexua al da?
Ezberdina da. Nik ez dakit zer den eskopeta edo fusil batekin joatea, baina arkuarekin joateak izugarrizko xarma dauka. Animalia bati ez zaio gezia 100 metrotik botatzen; 20-25 bat metrora gerturatu behar da. Isil-isilik gerturatu behar da, kamuflatuta. Egia esan, esperientzia aldetik oso-oso polita da, animaliaren arrastoak aurkitu behar dira, atzetik joan…
Arkurako zaletasunik ba al dago inguruan?
Zestoan nik dakidanez ez dago arkuzalerik. Zumaian bai, Jose Fernandez. Oso ona da. Arku kurbatuaren modalitatean Euskadiko txapelduna izan da azken hiru urteetan. Bere modalitatean botatzen ikaragarria da. Hari esker hasi nintzen mundu honetan. Klubera eraman ninduen egun pasa, eta oso ondo ibili nintzen. Giro ederra dago han. Pikatuta dago ez dudalako bere modalitatea hartu [kar kar].
Zaletasun arraroa dela esaten al dizu jendeak?
Bai. Jendeak azkarregi epaitzen nau. «Hau kazkatuta dago», esango du askok arkuarekin ikusten nauenean. Izan ere, hemen arkulari oso gutxi gaude. Donostia inguruan, berriz, zaletasun handiagoa dago; badituzte prestatutako tokiak. Urola Kostan, ordea, ez daukagu horrelako tokirik.
