Zaragueta Herri Eskolan DBH jartzeko «baimen guztiak» lortu dituzte

Urola Kostako Hitza 2012ko otsailaren 10a

Orioko Herri Eskolak 2013-2014 ikasturterako DBH Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eskaintzeko asmoa du. Juanjo Zubizarretak, ikastetxeko zuzendariak adierazi duenez, dagoeneko lotuta dituzte baimen eta finantziazio iturri guztiak. DBH jartzeko Zaragueta ikastetxeko eraikina handitu egingo dute, baratza aldera. Ekainean hasiko dituzte lanak, «ikasleek ikasturtea amaitu bezain laster». Egun arkitektuak proiektua garatzen ari dira, Lakuako eta Orioko Udaleko arkitektuekin harremanetan. Behin proiektua osatuta, maiatzean emango dute proiektua egiteko baimena, Zubizarretak jakinarazi duenaren arabera. Bide horretatik, eraikin berriaren kanpoko azpiegitura irailerako amaituta izatea aurreikusi du Zubizarreta zuzendariak. Eraikinaren barrualdea nolakoa izango den ere aurreratu du. Eraikin berrian hiru solairu egingo dituzte, eta bakoitzean bi ikasgela izango dira. Egun egiten ari diren proiektua, etorkizunean eraikina handitzeko edo gela gehiago egiteko beharra ikusiz gero, eraikina luzatzeko aukera zabalik utziko du, zuzendariaren arabera. «DBHk ikastetxea sendotzen badu, eta urtero lerroak sortzen joaten bagara, espazio gehiago beharko dugu. Hori aurreikusita, egun egiten ari garen proiektuak etorkizunean eraikina handitzea ahalbidetuko du». Duela urtebete inguru hasi ziren horretan lanean, eta ordutik Eusko Jaurlaritzakin harremanetan izan dira, oniritzia jasotzeko. Hasiera batean Jaurlaritzak «oztopoak» jarri bazizkien ere, dagoeneko proiektua onartu dute. Hainbat faktorek izan dute zerikusia horretan. Batetik, Zarauzko Lizardi institutuko leku falta aipatu du zuzendariak. Bestetik, Orion orain arte DBH zentru pribatu batek soilik —Orioko Herri Ikastolak— izateak «izugarrizko desoreka» sortu duela uste du. Errealitate hori ikusita, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak aurrera egitea erabaki du, Zubizarretaren arabera. Horrez gain, azken urteetan, oro har, ikastetxeko ikasle kopurua hazi egin dela esan du Zubizarretak, eta horren ondorio ere izan da proiektua gauzatzea. Finantziazioa lotuta Hezkuntza Sailarekin ez ezik, Orioko Udalarekin ere egon dira harremanetan. Bi erakundeetatik jasoko dituzte zerbitzua martxan jartzeko diru-laguntzak. Poriektuak 700.000 euroko aurrekontua du, eta diruaren %60 Jaurlaritzak jarriko du, pasa zen abenduaren 29ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian jasotzen denez. Gainontzeko %40, berriz, Orioko Udalak jarriko du. DBH eskaintzeko proiektua martxan jarri zenean, Eusko Jaurlaritzako Eskuntza Sailak Aiako gaztetxoek ere Zaraguetan ikastea planteatu zuen hasiera batean. Baina, azkenean, Aiako Guraso Eskolak atzera bota zuen proposamena, eta Zarautzen ikasten nahiago zutela erabaki zuten. Hala eta guztiz ere, Hezkuntza Sailak aurrera jarraitzea erabaki zuen. Zaraguetan DBH zerbitzua jartzen saiatu ziren duela urte batzuk ere, baina azkenean ez zen gauzatu. Zubizarreta duela hiru urtetik da ikastetxeko zuzendaria. Kargua hartzean ekin zion erronkari. «Hasieratik garbi nuen beharrezkoa zela DBH jartzea, eta duela urte bat inguru hasi ginen lehenengo bilerak egiten».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide