
Gaur goizean hasi da Gorka Landaburu kazetariak jasandako atentatuaren inguruko epaiketa, Espainiako Auzitegi Nazionalean. Zarauztarrak berak deklaratu du, eta ETAk bere jardunarekin ez duela “Euskal Herriaren aldeko lana etetea lortu” adierazi du. “Itsu lagako ninduten, eskurik gabe, baina deskuidatu egin dira; ez didate mihia moztu”.
Patxi Xabier Makazaga ‘Ander’ eta Oskarbi Jauregi eseri dituzte akusatuen aulkian. Auzitegi Nazionaleko fiskal Luis Barrosok 20 urteko kartzela zigorra eskatu du haientzat, eta 35.000 euroko kalte-ordaina. Akusatuek ez dute deklaratu nahi izan, ezta defentsak eginiko galderei erantzun ere.
Landaburuk bonba-pakete bat jaso zuen Zarauzko etxean 2001eko maiatzaren 15ean. Etxeko bulegoan zegoela ireki zuen paketea, eta leherkateren ondorioz esku bateko lau behatzak galdu zituen.